Joan eduki nagusira

zoom Joaquín Mencos, ezkerrean, eta Alejandro Torres.

Joaquín Mencos, ezkerrean, eta Alejandro Torres.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet 2006ko Nazioarteko Sariko epaimahaiak erabaki du 2013ko saria Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeari ematea, 150 urtez gatazka armatuen biktimak babesteko egin duen "lan gizatiar, independente, neutral eta inpartzialarengatik". Saria 36.000 eurokoa da.

Saria irabazi duen erakundearen izena gaur abenduaren 10ean, asteartean, jakinarazi da ekitaldi batean, gaur baita Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna. Ekitaldian Joaquín Mencos Doussinague epaimahaiko burua eta Brunet Fundazioaren buruordea eta Alejandro Torres Gutiérrez NUPeko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna eta epaimahaiko kidea izan dira.

Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordea 1863an sortu zen erakunde neutral eta independentea da, gatazka armatuen eta indarkeriazko beste egoera batzuetako biktimak babesten ahalegintzen dena. Suitzako zuzenbidearen arabera antolatzen da, eta nazioarteko nortasun juridikoa dauka. Ezaugarri hauek bereizten dute GKEetatik, eta gobernuen arteko erakundeen antza ematen diote.

Nazioarteko Sariaren epaimahaiak nabarmendu zuen Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak lagundu duela "elkartasun handiago erakusten duen mundu gizatiarrago eta justuagoa" eraikitzen,150 urteetako ibilbidean egindako lanari esker. Alde horretatik, sariaren erabakiak aipatzen du Ginebrako Hitzarmenetan eta Protokolo Erantsietan islatzen den Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren sustapen-lana, eta pertsonen aurkako minen eta mordo-bonben erabilera, fabrikazioa eta biltegiratzea debekatzeko hitzarmenak bultzatzekoa, baita Nazioarteko Auzitegi Penalaren sorrera ere.

Beste alde batetik, epaimahaiak azpimarratu du Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak indarkeriazko egoeretan atxilotuta dauden pertsonak bisitatzen dituela, "beren duintasuna eta gizatiartatasuna errespeta ditzala zainduz". Honi dagokionez, azpimarratzen du, halaber, erakunde honek populazio zibilaren alde lan egiten duela; gatazka armatuen biktimak eta familiak berriro harremanetan jartzen saiatzen da, atxilotutakoak askatzen saiatzen da, eta haur-soldadurik egon ez dadin lan egiten du.


Biktimei laguntza


Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordea 1863an sortu zen, Henry Dunanten "Solferinoko oroitzapenak" liburuak garai hartan sortu zituen kezkei erantzuna emateko. Liburu honetan, egileak bere esperientziak kontatzen ditu, franko-prusiar gerrako bataila-fronteak Solferinon (Italian) harrapatu zuenean. Bertako biztanleriaren borondatezko laguntzari esker, oinarrizko zainketa medikuak eman ahal izan zitzaizkien bi bandotako borrokalari zaurituei. Henry Dunantek proposatu zuen laguntza-elkarte nazionalak sortzea, bake garaian, boluntarioekin osatuak, gerra-gatazketako biktimei laguntza emateko.

Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordearen ekintzaren oinarria 1949ko Ginebrako Hitzarmenetan eta bere Protokolo Erantsietan dago. Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa zaintzeko egitekoa dauka, gatazka armatuetan eta indarkeriazko egoeretan. Gatazkan dauden aldeek ez badituzte beren beharrak betetzen, zilegitasuna du parte hartzeko modu independente, inpartzial eta neutralean.

Bere lanak modu honetan egiten ditu: biktimei laguntza ematen, atxilotutakoei bisita egiten edo populazio zibila babesten. Alde honetatik, Gurutze Gorriak zaintzen du agintariek edo bestelako taldeek ere bizitzeko eskubidea eta familia baturik egoteko eskubidea bete ditzatela, eta osasun laguntza, ur edangarria eta lantzeko lurrak edukitzeko eskubidean ez dadila bazterketarik egon. Erakunde honen lan zailenetako bat da pertsona desagertuak aurkitzea, eta familia bereko kideak berriz elkar daitezen lortzea.


Fundazioa eta Jaime Brunet Saria


Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak ezabatzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Fundazioak, besteak beste, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du honako hauek saritzeko: lan zientifiko bat; lan literario zein ikus-entzunezko bat; edo giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona zein erakunde baten ibilbidea. Guztira, fundazioak Jaime Brunet Nazioarteko hamalau Sari eman ditu, 1998. urteaz geroztik.

Jaime Brunet Romero Baionan (Frantzia) jaio zen 1926ko uztailaren 20an, eta 1992ko urtarrilaren 4an zendu zen Donostian (Gipuzkoa). XVIII. mendean Gipuzkoara etorritako kataluniar ekintzaileen familia batean jaio zen (han garatu zuten industria jarduera garrantzitsua), eta ideia liberaletan eta bere garaiarekiko ikusmolde kritikoan hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, alderdi errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izanak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen aldi batez.

Irakurle porrokatua zen, eta hizkuntzak ikasteko grina zuen. Azken zaletasun horri esker, erraz moldatu zen egin zituen makina bat bidaiatan. Izan ere, bere garaiko zailtasunak izan arren, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan konturatu zen eta ulertu zuen orain bezala zenbat diskriminazio eta bortizkeria dagoen, zenbat gehiegikeria egiten dituzten boteretsuek behartsuen aurka, eta zer-nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.

Bizitzako azken urteetan giza eskubideen egoera eta herritarraren askatasunaren defentsa bihurtu ziren bere kezka nagusi, bai eta administrazio publikoaren gehiegikerien aurrean ere. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, bere izena izango zuen fundazio bat sortu ahal izateko bera hil eta gero. Fundazio horren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta beren alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzea. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.