Nerea Zugasti Mutilvak irabazi du astearte honetan, azaroaren 26an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren (FECYT) babesarekin eta Nafarroako Radio Nacional de Españaren laguntzarekin antolatzen duen Tesiak 3 Minututan izeneko lehiaketaren bigarren edizioa. Bestalde, Marcial Roa Rosek master amaierako lanen atalean irabazi zuen, eta Alberto Berrueta Irigoyenek karrera-amaierako proiektuarenean. Lehiaketa honen finala Sario eraikineko 04. ikasgela erantsian jokatu zen, eta hirurogei lagun baino gehiago bertaratu ziren, ikusteko asmoz. Nafarroako RNEko buru Javier Izuk aurkeztu zuen ekitaldia.
Nerea Zugastik atera zuen lehen saria doktoretza tesien atalean, eta Miguel Martínez de Espronceda Cámara, Ana Isabel Cárcar Irujo eta Alexanda Bernal Rodríguez eduki zituen lehiakide. Bere tesiaren izenburua honako hau da: "Populazio immigrantearen lan-trantsizioak krisialdian. Lan merkatuko txertaketaren eta kanporaketaren artean". Lehiaketan aurkeztu zuen izenburua honako hau izan zen: "Immigrazioa, lan merkatua eta krisialdia. Lan-eskalan gora eta behera egitea". Lortu duen saria 1.000 eurokoa izan da.
Mastera amaierako ataleko finalera hiru parte-hartzaile iritsi ziren, eta irabazlea Marcial Roa Ros izan zen. Beste bi finalistak Paola Damonti eta Andoni Hernández Olleta izan ziren. Marcial Roak 500 euroko saria eskuratu du. Aurkeztu zuen lanaren izenburua hauxe izan zen: "Lokalizazio arazoen modelizazio matematikoa, Nafarroako Gobernuaren Tokiko Bulegoen sarea birdiseinatzeko". Lehiaketan aurkeztu zuen izenburua beste hau izan zen: "Zerbitzu publikoetako kokapenen hautaketa: eraginkortasuna edo ekitatea"".
Azkenik, Alberto Berrueta Irigoyenek, industria ingeniari tituludunak, karrera amaierako proiektuen atalean lehen saria atera zuen, izenburu honetako proiektuarekin: "Sistema elektrokimikoen ezaugarritzea mikrosare batean aplikatzeko". Lehiaketarako aukeratu zuen izenburua honako hau zen: "Energia berriztagarria biltegiratzea". Sari hau ere 500 eurokoa da. Atal honetako gainerako finalistak Javier Pedro Hermoso de Mendoza, Fernando de la Hucha Arce eta Yuri Murillo Mange izan ziren.
Alfonso Carlosena, ikerketako errektoreordea, izan zen epaimahaiko burua, eta epaimahaiko kideak hauek izan ziren: Joaquín Sevilla, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea; Jesús Rubio, Diario de Navarrako kazetaria; Ana Ollo, NUPeko Komunikazio Zerbitzuko burua; eta Óscar Orzaiz, Oratoria eta Ahozko Adierazpeneko irakaslea. Alfonso Carlosenak eskerrak eman zizkien parte-hartzaile guztiei, egin duten ahaleginarengatik, eta iragarri zuen mintzatzen hasi dela lehiaketa hau Campus Iberus osatzen duten lau unibertsitateei (Zaragoza, Errioxa, Lleida eta Nafarroako Publikoa) zabaltzeko.
Hiru minututan laburtutako tesi bat
"Tesiak hiru minututan" lehiaketak beren lanaren garrantzia eta gizarteari egiten dion ekarpena, espezializatua ez den publiko baten aurrean, hobekien azaltzen duten Nafarroako Unibertsitate Publikoan prestakuntza aldian dauden ikertzaile gazteak saritzen ditu. Ikerketa-lan luze bat, tesien kasuan hainbat urte irauten duena, hiru minututan jendaurrean azaltzen da.
Tesia 3 Minututan izeneko lehiaketaren bidez, etorkizuneko ikertzaileak kontzientziatu nahi dira beren lana zabaltzeak duen garrantziaz, eta aldi berean, gizartearen kultura zientifikoari lagundu. Ikerketaren edo proiektuaren garapena gehienez hiru minututan azaltzeko erronkari aurre egin behar diote parte-hartzaileek, eta hizkera erraz, ulergarri eta jendeari orokorrean iristeko modukoan egin behar dute.
Lehiaketaren bigarren edizio honetan sartu den berrikuntzetako bat izan da finalera iritsi diren parte-hartzaileen lanak Nafarroako Radio Nacional de Españaren bidez zabaldu direla, kate publikoaren eta NUPen artean izenpetu den hitzarmen bati esker. Kasu honetan, finalistek ahalegin osagarri bat egon behar izan dute, eta bere ikerketaren lana minutu batean laburtu.