Joan eduki nagusira

Datorren asteazkenean, azaroaren 27an, hasiko da "Saharaz gaindi, ezinbesteko Afrika" ikastaroaren III. edizioa, bi misiolariren hitzaldi batekin, kontinente honek dauzkan erronkei buruzkoa. Honako hauek dira ikastaroaren antolatzaileak: NUP, Afrika Ezinbestekoa partzuergoa eta Gizarte Ikerketen Institutua, IPES Elkartea. Bere aldetik, GKE hauek dira Afrika Ezinbestekoa partzuergoa osatzen dutenak: Asamblea de Cooperación por la Paz, Flor de África Intermón Oxfam, Médicos del Mundo, Médicus Mundi, Nakupenda África eta Proclade Yanapay.

Denetara 12 saio izango dira, aurtengo azarotik 2014ko otsaileraino izango direnak. Saiootan giza eskubideen, genero berdintasunaren, politikaren, nekazaritzaren edo komunikabideen eta teknologia berrien adituek Afrikako errealitateaz daukaten ikuspegia azalduko dute. Hitzaldiak asteazkenetan izango dira, 18:00etatik 21:00etara. Programa osoa www.unavarra.es web-orrialdearen ikastaroen eta biltzarren atalean dago ikusgai.

Zikloa datorren asteazkenean, azaroaren 27an, irekiko da, "Afrika ulertzeko gakoak eta gaurko erronkak" izenburua daukan saio batekin. Lázaro Bustincek eta Bartolomé Burgosek zuzenduko dute saioa. Bustince misiolaria da Afrikan, eta Fundación Sur fundazioko zuzendaria. Burgos ere misiolaria da Afrikan, eta Kumasiko (Ghana) unibertsitate ikastegiko irakaslea. Lehen saio honetan hizlariek lurraz eta bere baliabideez jabetzen diren forma kolonial berriek gaizki tratatutako Afrika ezezagun bati buruz hitz egingo dute. Halaber, egoeraren gako historiko, kultural, sozial eta politiko-ekonomikoak eskainiko dituzte, eta Afrikaren garapen osoaren aukerak zeintzuk diren adieraziko dute.

Giza eskubideak, genero berdintasuna edo nekazaritza

Ziklo honetan, zeinak Alboan erakundearen, Nafar Ateneoaren eta Gazteak eta Garapenaren lankidetza ere baitauka, honako gai hauei buruzko hausnarketa egingo da: giza eskubideen urraketa, emakumeen aktibismoa eta genero berdintasuna, garapenerako lankidetzaren eragin politikoa, komunikabideak eta teknologia berriak eta Afrikako zinema, besteak beste.

Saioetako baten izenburua honako hau da: "Landa Afrika: lurraldearen balioa eta erabilerak, elikagaiak ekoizteko baliabideak". Paloma Bescansak koordinatzen du saio hau. Bescansa Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakaslea eta Lurraldearen Kudeaketa Nekazaritza Garapenerako unibertsitateko lankidetza-taldeko koordinatzailea da. Bescansak Saharaz gaindiko Afrikak elikagaiak ekoizteko dituen baliabide naturalei buruzko azterketa bat egingo du, lurren jabetza, baliabideen erabilera eta lur-pilaketa ere aztertuz.