Joan eduki nagusira

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dute Conversaciones-Solasaldiak zikloa, eta asteazken honetan, azaroak 27, amaituko da higiezinen eztandari eta Espainian etxebizitza sozialerako politika baten beharrari buruz eztabaidatzeko egingo den mahai-inguru batekin. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean egingo da Nafarroako Parlamentuko Erabilera Anitzeko Gelan eta sarrera doan da.

Begoña Pérez Eransus Gizarte Laneko irakasle titularrak eta NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO katedrak koordinatuko du saioa. Gonbidatu hauek parte hartuko dute mahai-inguruan: José León Paniagua Caparrós, FOESSAko eta Gazteriaren Kontseiluko Etxebizitza Gaztearen Behatokiko lankidea; Emmanuel Rodríguez López, Madrileko Metropoli Behatokiari eta Commons Fundazioari atxikia ; eta Ángel Larrea Pérez, Hipotekak Kaltetuen Plataformako kidea. Alicia Ezker kazetaria izango da saioaren moderatzailea.

Mahai honetan gogoeta egingo da egun Espainian gertatzen den paradoxa lazgarri bati buruz: herritar askok etxebizitza lortzeko zailtasunak badituzte ere edo daukaten etxebizitza galtzeko arriskuan badaude ere, etxebizitza huts ugari daude. Beste herrialde batzuetan ez bezala Espainian etxebizitzaren gizarte-politikaren alde bat oso gutxi garatu izanaren atzean arrazoi bakarra dago: herritarren beharrak asetzeko helburu publikoaren eta gure ekonomiako hainbat sektoreren interes ekonomikoen arteko talka. Saioan parte hartuko duten adituek bileran aztertuko dute higiezinen burbuilaren eztanda une egokia izan den etxebizitza politikaren eredu berri baten aldeko apustua egiteko, herritarrek etxebizitza lortzeko erraztasun gehiago izan dezaten.

Mahai-inguru honek amaiera emango dio “Conversaciones- Solasaldiak” zikloari. Mahai-inguruak eta eztabaidak egiteko ziklo bat da, eta bai gizarterako oro har, bai zientziaren esparrurako bereziki interesgarriak diren gaiak aztertzen ditu. Bigarren edizio honetan, hamabitik gora adituk eztabaidatu dute erakundeen eta klase politikoaren krisiari buruz; ariketa fisikoa egiteak osasunean dituen ondorioei buruz; espazioko ikerketari buruz; higiezinen burbuilari buruz.