Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikaslek 3D inprimagailu bat egin eta erabiltzen ikasi dute, 2013-14 ikasturteko lehen seihileko honetan eman den fabrikazio digitalari buruzko ikastaro batean. Fabrikazio digitalaren laborategia Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzak sustatutako kultura ikastaroen eskaintzan sartzen da, eta Alberto Labarga NUPeko Telekomunikazio Ingeniaritzan tituludun eta Experimental Serendipity aholkularitza teknologikoko enpresako zuzendariak eman du.
Laborategi honek fabrikazio digital pertsonalean sartu ditu ikasleak modu praktikoan, 3D inprimagailu bat egitetik abiatuta. Horretarako, Arduino sistema moduko kode irekiko hardware eta softwarea erabili dute; izan ere, oso malgua eta erabiltzeko erraza den prototipoak sortzeko plataforma elektronikoa.
Hainbat faktorek –Internet, ezagutza adituaren demokratizazioa, diseinu parametrikoa eta "do it yourself" (zuk zeuk egin) kulturaren goraldiak– azken urte hauetan, fabrikazio digital pertsonala sorrarazi eta kostu baxuko fabrikazioa herritarren eskura jarri dute, eta, hala, industria inguruneetako objektuen fabrikazioarekiko mendekotasuna hautsi da.
Sistema automatizatu baten bidez zehaztasun ia profesionalarekin objektuak egiteko aukerari esker hainbat diziplinak, esate baterako, arkitektura, industria diseinua edo ikusizko arteak, prototipatze lasterrarenak diren metodologiekin proiektuak garatzen dituzte, eta ideiaren eta emaitzaren arteko denbora tartea asko eta asko murrizten da.
Ikastaro honetan parte hartu duten ikasleak ingeniaritza osatzen duten esparruetatik datoz, eta plastiko urtuko geruzak jarrita sortzen diren piezak fabrikatzeko aukera izan dute.
Heldu den astean amaituko den laborategi honetan plaka elektroniko txiki honen ahalmena ezagutarazteko aukera ere eskaini dute robot txikiak eginez, eta roboten piezak inprimagailuarekin inprimatuko dituzte.