Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiak Proiektuetan eta Metodologia Aktiboetan oinarritzen diren Ikaskuntzen Estatuko III. Jardunaldiak antolatu ditu. Azaroaren 21, 22 eta 23an izango dira Sarion (04. ikasgelan) eta hezkuntza eta pedagogia arloko 150 parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu.

Jardunaldien helburua da proiektuen araberako ikaskuntzaren metodologiaz aritzea -PLB, ingeleseko siglen arabera, hau da, problem-based learning-, unibertsitatean eta bigarren hezkuntzan izandako esperientzietan oinarrituz. Metodologia honetan, ikasleek, autonomoki baino irakasle baten laguntzaz, galdera baten erantzuna edo problema baten ebazpena bilatu behar dute, halako moldez non ebazpen-prozesuan problemaren edukiari buruzko oinarrizko kontzeptuak bilatu, ulertu eta bereganatu behar izan baitituzte, baita harekin loturikoak ere.

Jardunaldien saioak bihar hasiko dira, ostegunean, 16:30etik aurrera, Ainhoa Ezeizak zuzenduko duen osoko bilkura batekin. Ainhoa Ezeiza Donostiako Irakasletzako Unibertsitate Eskolako irakasle-ikertzailea da. Ondoren, proiektuen ikaskuntzan oinarritutako gela-esperientzia batzuk aurkeztuko dira, Espainiako edo beste zenbait herrialdetako ikastetxeetan gertatutakoak.

Ostiralean, 9:30ean, hasiera ekitaldi ofiziala izango da. Bertan izango dira Jesús María Pintor Borobia, Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordea eta David Benito Pertusa, Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiko zuzendaria. Jardualdian zehar hainbat unibertsitate-esperientzia aurkeztuko da, horien artean NUPeko ingeniaritza bi eskoletan garatutako batzuk. Arratsaldean posterrak aurkezteko saioak izango dira, unibertsitate eremuarekin eta hezkuntza arautuarekin edo ez formalarekin lotuak, baita irakasleen prestakuntzari buruzko mahai-inguru bat ere.

Larunbatean, Silvia González Goñik, Iruñeko Basoko BHIko Hizkuntza eta Literaturako irakasleak, osoko bilkura bat zuzenduko du. Proiektuen araberako metodologia Bigarren Hezkuntzako ikasleen ikuspegitik izango da bere gaia. Geroago gela-esperientzia gehiago aurkeztuko dira, eta azkenean beste mahai-inguru bat izango da, proiektuen araberako ikaskuntzak dauzkan zailtasunak eta eskaintzen dituen aukerak aztertzeko. Honako blog honetan dago ikusgai programa osoa: http://pblesp13.blogspot.com.es/