Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Salhaketa presoen eskubideen aldeko elkarteak Espetxe Ikasketei buruzko Jardunaldien bederatzigarren edizioa aurkeztu dute gaur. Alde batetik, Iruñeko espetxe berria ireki zenetik urte bat igaro denean, denbora-tarte horretan izan duen funtzionamendua aztertuko da jardunaldietan, eta, bestetik, Zigor Kodea erreformatzeko aurreproiektuaren alderdi polemikoenak aztertuko dira.
Jardunaldiak azaroaren 20 eta 21ean egingo dira Arrosadiko Campuseko Arteak eraikineko Ada Byron aretoan, 17:00etatik 20:00etara, eta batez ere unibertsitateko bertako ikasleei eta oro har unibertsitate komunitateko kideei zuzenduak daude, baina aztertuko diren gaiek ikusmin handia sortzen dutenez, interesa duten guztientzat zabalik daude.
Lehen saioa bihar, hilak 20, egingo da, eta Pamplona I espetxea ireki zenetik urte bat igaro denean, denbora-tarte horretan izan duen funtzionamendua ikuskatuko da, eta horretarako espetxearekin lotutako hainbat gizarte-eragilek parte hartuko dute. Zehazki, honako hauek parte hartuko dute: Jesús Ascorbe, Espetxe Pastoraltzako boluntarioa; Juan José Castiella Jusué, Zuria Eguneko Ospitaleko psikologo klinikoa eta Pamplona I espetxeko Drogomendekotasun eta Alkoholismoko Esku-hartze Programaren arduraduna; Libertad Francés Lecumberri, abokatua eta Salhaketa Nafarroaren koordinatzailea; Patricia Moreno Arrarás, abokatua eta Zuzenbide eta Espetxe Orientabiderako Zerbitzuko kidea; eta Julia Munárriz, gizarte langilea, NUPeko Gizarte Laneko Saileko irakasle elkartua eta Pamplona I espetxeko Osasunerako Hezkuntza eta GIBaren Prebentzio Programaren koordinatzailea.
Bigarren saioan Zigor Kodea erreformatzeko aurreproiektuaren gai eztabaidatuenak aztertuko dira: zaintzapeko askatasuna eta hutsegiteak kentzea edo delitu bihurtzea. Honako hauek parte hartuko dute jardunaldi honetan: Soledad Barber Burusco Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Penaleko irakasle titularrak eta Eduardo Santos abokatuak. Lehenak Zaintzapeko askatasuna: egozgarrientzako neurri bat, hitzaldia emango du, eta bigarrenak Kolpe handia. Hutsegiteak delitu bihurtzea datorkigun Zigor Kodean, hitzaldia emango du.