Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bihar, asteartean, hasiko ditu jardunaldi batzuk Geografia eta Historia Sailak antolatuta, euskal hizkuntzaren presentziari buruz gobernuaren goi instituzioetan Historian zehar. Gauza jakina da instituzioek erabaki zutela beren jardunerako ofizial egitea gaztelania, frantsesa, latina eta okzitaniera ere bai, baina euskarak ere lortu zuen nolabaiteko presentzia izatea. Horri buruz, gaur egungo egoerari buruz eta etorkizuneko espektatibei buruz hausnartuko da jardunaldi hauetan.

Saioak Nicolás Oresme Aretoan, Gurbitzak eraikinean egingo dira 9:00etatik 13:30era. Sarrera doakoa da, eta guztira zortzi hitzaldi emango dituzte hainbat herrialdetatik etorritako adituek. Jardunaldien koordinatzaileak Juan Madariaga, Historia irakasle titularra NUPen eta Álvaro Adot historialaria dira; azken hau ikerketa proiektu batean dabil Columbia University unibertsitatean, New York (AEB).

Jardunaldiei hasiera emango die Euskaltzaindiako lehendakari eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Andrés Urrutiak, eta bere hitzaldiaren izenburua “Euskararen corpusa eta estatusa Zuzenbidearen esparruan: ikuspegi iurilinguistikoa" da. Jarraian, hitza hartuko du Álvaro Adot adituak eta “Nafarroako Kontseilua eta Errege Txanzilleria (Nafarroa Beherea) eta euskara XVI. mendean eta XVII.aren hasieran” hitzaldia emango du. Atsedenaren ondoren, Imanol Trebiño, UPV/EHUko liburuzainak “Administrazio zibil historikoa euskaraz, iritsi zazikigun testuen bidez” gaia izango du mintzagai. Astearteko jardunari amaiera emango dio Juan Madariaga NUPeko irakasleak, “Hizkuntza bitartekaritza herritar euskaldunen eta instituzioen artean, 1600-1840” hitzaldiarekin.

Asteazkeneko saioak hasteko hitzaldiaren izenburua da “Trantsizio politikoak eta aldaketak euskararen estatus juridikoan XIX. eta XX. mendeetan zehar. Hegoalde: ikasgaiak etorkizunari begira!", eta aurkeztuko dute Iñigo Urrutia UPV/EHUko administrazio-zuzenbideko irakasleak, eta Xabier Irujo Nevadako unibertsitateko Historia irakasleak Center for Basque Studies zentroan, (AEB). Ondoren, 10:00etan, Roldán Jimeno NUPeko Zuzenbideko irakasle titularra, “Nafarroako Errege Kontseilua eta euskara XVII. mendearen erdialdeko prozesu baten argitara” gaiaz mintzatuko da.

Atsedenaldiaren ondoren, 11:30ean Eneritz Zabaleta Zuzenbideko irakasleak, Pabeko eta Pays de l’Adourreko Unibertsitatean (Frantzia), hitzaldi hau aurkeztuko du: “Euskararen egoera Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: diagnosia eta gako soziolinguístiko eta juridikoak”. Jardunaldiei amaiera emango die Joseba Intxausti, Euskaltzaindiako kide eta “Euskararen historia soziala” izeneko proiektuaren koordinatzaileak.