Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Francisco Javier Arregui, Carlos Ruiz eta Ignacio Matías.

Ezkerretik eskuinera, Francisco Javier Arregui, Carlos Ruiz eta Ignacio Matías.

Ingeniari Elektriko eta Elektronikoen Institutua munduan, alor honetan, dagoen elkarterik garrantzizkoena da. Bada, institutu honek eman dio Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknologia Elektronikoko irakasle Carlos Ruiz Zamarreñori azken 10 urteetako ikerketa-ibilbide oparoenaren saria. Sari honek aitortzen ditu profesional gazteek sentsoreen alorrean egindako ekarpenak, mundu osoan. Hain zuzen ere, institutu honek Carlos Ruizek mikro eta nanoegituratutako estaldura ultrameharren bidezko uhingidari optikoen gaineko sentsore berrien garapenean egin duen ekarpena balioetsi du. Hau da horrelako saria ikertzaile espainar bati ematen zaion lehen aldia.

Saria Institute of Electrical and Electronics Engineers (IEEE) institutuak Baltimoren egin berri duen biltzarrean eman zioten. Profesionalen arteko topaketa honetan Francisco Javier Arregui San Martínek eta Ignacio Matías Maestro egon ziren Carlos Ruizekin. Biak NUPeko Teknologia Elektronikoko katedradunak dira. Hirurak biltzarrera joan ziren sentsoreei buruz egin dituzten ikerketak aurkeztera.

Aipatu dugun institutua egoitza Estatu Batuetan daukan erakunde profesional bat da. 160 herrialdetako 425.000 kide biltzen ditu. Mota honetako erakundeetan, hauxe da munduan dagoen garrantzizkoena. Bere helburua sormena sustatzea da, informazio eta elektronikako teknologien aurrerapenak, eta zientzia oro har, garatu, integratu, elkarbanatu eta aplikatzeko, gizadiaren eta profesionalen onurarako.

Sariaren izena IEEE Sensors Council "2013 Early Career GOLD (Graduate Of Last Decade) Award" da, eta IEEE Sensors Council, Vladimir Lumelsky (University of Wisconsin Madison) erakundeko buruak eta Troy Nagle (NC State University) lehendakari hautatuak eman zioten.


100 lan zientifiko baino gehiago argitaratuta


Carlos Ruiz Zamarreñok Telekomunikazio ingeniari titulua eta Komunikazioetan Doktoretza erdietsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2005. eta 2009. urteetan, hurrenez hurren. 2007an hasi zen lan egiten NUPen, ikertzaile elkartu moduan, eta gaur egun irakasle kontratatu doktorea da NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailean.

Honako toki hauetan egin ditu doktoretza aurreko eta ondoko ikerketa-egonaldiak: Massachusettseko Institutu Teknologikoan (Cambridge, MA, USA, 2008), Siemens Research Corporate Laboratory (Munich, Alemania, 2011) eta Paranáko Unibertsitate Teknologiko Federalean (Curitiba, Brasil, 2013). Azken egonaldi hau finantzatzeko, Santander Bankuak ikertzaile gazteentzat ematen duen beketako bat jaso zuen.

Carlos Ruizek 100 lan zientifiko baino gehiago dauzka argitaratuta, aldizkarietako artikuluak, nazioarteko batzarrak eta liburu batzuetako hainbat kapitulu kontuan hartuta. Nazioko, nazioarteko eta enpresekin lankidetzan egindako 10 ikerketa proiektutan baino gehiagotan parte hartu du, eta bi patente dauzka. Bere ikerketa-lerro nagusiak dira mikro eta nanoegituratutako estalduretan oinarritutako zuntz optikoko sentsoreak, gailu optikoak eta haien aplikazioak ingeniaritzan.