Nafarroako Unibertsitate Publikoko lau ikaslek I Iberoamerican Tax Moot Court izeneko lehiaketa irabazi dute Floridan (Estatu Batuak). Nazioarteko Zerga Zuzenbideko lehiaketa bat da, bost herrialdetako sei unibertsitate bildu dituena. Gainera, Nafarroako taldeak Memorandum onenaren saria ere eskuratu zuen.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa ordezkatu dutenetako hiru Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbide titulazio bikoitzeko ikasleak dira (Clara Marcos Jubilar, 6. ikasmailakoa; Laura Torrano Echeandía, 4.ekoa; eta Amaia Ugarte Eizmendi, 4.ekoa), eta laugarrena Zuzenbide Gradukoa (Beatriz Aguinaga Glaría, 4. ikasmailakoa). Entrenatzailea Hugo López López Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Publikoko Saileko Finantza- eta Zerga-zuzenbideko irakaslea izan da, lau urtez taldea entrenatzen aritu dena.
Parte hartu zuten talde guztiei kasu praktiko berbera ematen zitzaien, ebazteko. Kasu praktikoan, multinazionalek egiten dituzten operazioetako nazioarteko zerga-plangintzan sortzen diren arazo nagusietako batzuk aurkezten ziren. Talde bakoitzak auzian aurka zeuden parte bakoitzaren idazkiak arurkeztu behar zituen: applicant edo salatzaiela (kasu honetan, salatzailea zen multinazionala), eta defendant edo salatua (kasuan, herrialde bateko zerga-administrazioa).
Idazkiak aldez aurretik bailoetsi ziren, eta gutxieneko puntuazioa lortzen zutenak baizik ez ziren pasatu ahozko aldira. Hau urriaren 29, 30 eta 31n izan zen, Floridako Unibertsitateko Levin College of Law izenekoan, Gainesvillen.
Ahozko aldia ingelesez egin zen, eta sei taldek hartu zuen parte: Kolonbiako bi unibertsitatetakoek, Argentinako beste batek, Brasilgo beste batek eta Estatu Batuetakoak, eta Nafarroako ikasleenak, noski. Lehen sailkapen-aldia eta finalerdia gainditu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldea lehiaketako finalera iritsi zen. Han bere aurkaria Brasilgo taldea izan zen, Sao Pauloko Unibertsitateko Zerga Zuzenbideko Brasilgo Institutukoa, joan den urteko edizioa irabazi zuena.
Finala baino lehenagoko gauean, epaimahaiak jakinarazi zien bi taldeetako entrenatzaileei hasieran proposatutako gertaeretan hainbat aldaketa sartu zirela. Beraz, Nafarroako taldeak pleding direlakoak (ahozko aurkezpenak) ia osorik aldatu behar izan zituen, gertaera berriei egokitzeko. Hugo López irakasleak dioenez, "gure ikasleek erakutsi zuten analisi juridikorako gaitasun apartari esker, eman zitzaigun kasu berriari aurre egin eta irtenbidea bilatu zuten, defentsa prestatzeko ordu gutxi batzuk besterik eduki izan ez bagenuen ere".
Prestaketak ekainean hasi ziren
Lehiaketa honetarako prestaketak ekainean hasi ziren, orduan egin baitzen parte-hartzaile izateko lehen hautaketa. Hasiera batean, taldea Nazioarteko Zerga Zuzenbidean trebatu zen, eta hasierako prestakuntza hau osatzeko, ikasleek Iberoamerikako Nazioarteko Zerga Erregimenari buruzko ikastaro batean parte hartu zuten (astebeteko ikastaroa zen), Madrilen, uztailaren lehen astean.
Gainera, ahozko aldia prestatzeko, Óscar Orzaiz Resano irakasleak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko antzerki Taldeko zuzendariak, oratoria eskola bat eman zien.
ARPA Fundazioaren babesa funtsezkoa izan zen lau ikasleek eta beren entrenatzaileak ahozko aldian parte har zezaten. Fundazio hau abokatu bulego baten ekimenez sortu zen, eta bere helburua da zuzenbidea gizarteari erakustea eta hurbiltzea.
"Oso harro nago gure ikasleez eta lan handiko lau hilabete hauetan eduki duten bilakaeraz, hori lortzeko beren oporren eta beren aisialdiaren parte handi bat sakrifikatu egin behar izan dutelako. Beren konpromisoari eta beren talentuari esker, Nafarroako Unibertsitate Publikoak irudi izugarri ona proiektatu du egun hauetan, eta espero dut horri eutsi ahal izatea etorkizunean ere", bukatu du Hugo López irakasleak.