FOTCIENCIA10 erakusketa dagoeneko ikusgai dago Sario eraikineko sarreran, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, 2013ko Zientziaren Asteak izenekoen barruan, programatu duen lehen jarduera da. Azaroaren 7tik 17ra izango da aste hau, eta programa gaur aurkeztu da Iruñeko Planetarioan egin den ekitaldi batean, non Eloísa Ramírez Vaquero Unibertsitate Proiekzioko errektoreordea egon baita.
Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak, Iruñeko Planetarioak, Nafarroako Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Zientziaren Nafarroako Adiskideen Klubak sustatzen dituzte zientziaren asteak, eta zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin loturiko hainbat erakundek laguntzen du ekimenean.
Asteen hasiera ofiziala azaroaren 7an izango da, 18:00etan, Iruñeko Gaztelu Plazan, une horretarako zientziagune bihurtuko dena. Asteetan erakusketak, mintzaldiak, zientzia guneetako ateak zabaltzeko egunak, pelikulak, zientzia tabernetan, lantegiak eta zerua eta lurra behatzeko jarduerak... eta abar, programatu dira. Ondoko webgune honetan ikusgai dago programa osorik: www.semanasciencianavarra.org
Zientziaren ikuspegi estetiko bat
Nafarroako Unibertsitate Publikoan, jarduerak dagoeneko hasi dira, FOTCIENCIA10 erakusketaren zabalpenarekin. Erakusketa ikusgai egongo da azaroaren 22ra arte Sario erakinean. FOTCIENCIA Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioak (FECYT) eta Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluak (CSIC) deialdiaren bidez egiten den argazkigintza zientifikoaren lehiaketa da. Helburua du zientzia hiritarrengana hurbiltzea, ikuspegi artistiko eta estetikoaren bidez, eta irudi zientifikoen bitartez ekartzen zaie hori, baita irudiztatzen den egitate zientifikoari buruzko iruzkin idatzia emanez ere.
Sarioko erakusketan Argazki Zientifikoaren Nazioko Sariketako 49 irudi bildu dira, epaimahaiak eta antolatzaileek aukeratu dituztenak aurten tokiz toki ibiliko den erakusketa osatzeko. Aukeratutako argazkiak, zeinen artean saritutakoak baitaude, lehiaketara aurkeztu ziren 766 irudien lagin txiki bat baino ez dira.
Hona hemen erakusketako argazkiek erakusten dizkiguten hainbat irudi: biraka ari den ziba bat, non hainbat indarrek elkarrekin eragiten baitute, grafenoaren irudi mikroskopikoak, erle-talde baten aurrean doan liztor asiatiko bat, Gomera uhartearen antza duen irudi bat, karbono-zuntzaz egindakoa, loto-orri bat edo sare moduan multzokatzen diren mikroorganismo talde baten argazkia.
Erakusketa honetaz gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Aste hauetan, beste hainbat jarduera antolatzen du, edo haietan parte hartzen du. Hauetan, esaterako: "Kurben lantegia", eguzkiaren behaketa zuzenean, "Kimikarekin esperimentatu" lantegiak edo "Herbario bat zure sakelakoan" izeneko jarduera. Jarduera hauei buruzko informazioa ikusgai dago NUPeko Kultura Zientifikoaren Unitatearen webgunean.
Eloisa Ramírez Vaquero errektoreordeaz gain, beste honako hauek ere egon dira Zientziaren Asteen aurkezpenean: Ignacio López-Goñi, Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Fakultateko dekanoa, Carlos Martirena, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Nazioartekotzeko Ikerketarako Laguntzen Bulegoko burua, Antonio Vela, Nafarroako Zientziaren Adiskideen Klubeko lehendakaria, eta Javier Armentia, Iruñeko Plantearioaren koordinatzailea.