Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nafarroako ondare ez-materialaren Artxiboak eta Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak jardunaldi zientifiko bat antolatu dute asteazken honetan, azaroak 6, Nafarroako dantza tradizionalaren gainean, Kultura ondare ez-materiala babesteari buruz UNESCOko onetsitako Hitzarmenaren X. urteurrena dela eta. Ortzadarren XXIX. Folklore Jardunaldien barruan dago jardunaldi hau.
Jardunaldia "Dantza tradizionalaren atlasa Nafarroan" izenburupean egingo da asteazken honetan NUPeko Ada Byron aretoan (Arteak eraikineko sotoan) 17:00etatik 21:00etara. Lau parte ditu, Ortzadarrek egingo duen musika hitzaurre baten eta Javier Zulaicak (UNESCO) eta Patxi Salaberrik (Nafarroako ondare ez-materialaren Artxiboaren zuzendari nagusia) eta Joseba Ozkoidik (Ortzadar) egingo duten aurkezpenaren ondoren.
Lehenengo partean, Karlos Irujo NUPeko irakasle eta Ortzadarreko kideak "Dantza tradizionalaren Atlasa Nafarroan" izeneko proiektua aurkeztuko du. Dokumentazio, ikerketa, zabalkunde eta transmisio ekimen honen bidez funts berriak izango ditu NUPeko Nafarroako ondare ez-materialaren Artxiboak.
Bigarren partean, Alfredo Asiáin NUPeko irakaslea eta Artxiboaren zuzendari teknikoa moderatzaile lanetan dela, honako hauek parte hartuko dute: Susana Irigaray Soto, Nafarroako Gobernuaren Museoetako Ataleko burua eta "Julio Caro Baroja" Etnologia Museoaren zuzendaria; Mikel Aranburu Urtasun, dantza tradizionalaren azterketan espezialista; eta Iosu Royo, Nafarroako Dantzarien Biltzarraren koordinatzailea. Kultura Ondare Ez-materiala Babesteko Plan Nazionalak diseinatutako tresna zientifikoa aurkeztea izango da Bigarren parte honen helburua.
Ekaitz Santazilia NUPeko irakasleak aurkeztuko du hirugarren partea eta dantza tradizionalaren didaktika baten diseinuan jarriko du arreta. Nerea Muruamendiaraz NUPeko ikertzaile eta irakasle ohiak eta Peio Otano dantza tradizionaleko irakasle eta hezitzaileak parte hartuko dute. Behin-behineko ondorio batzuekin amaiera emango zaio jardunaldi zientifikoari.
Ikertzaileei, dantzaren esparruko kultura-eragileei, irakasleei eta interesa duen edonori zuzendurik dago saioa.
Zabalkunde hitzaldiak eta hitzaldi zikloak
XXIX. Folklore Jardunaldietan bi dibulgazio hitzaldi, eta kontzertu eta emanaldi ziklo bat izango dira. Ane Albisu filologo, arropan aditu eta Ikerfolken sortzaileak emango ditu bi dibulgazio hitzaldiak euskaraz. Lehen hitzaldia azaroaren 8an, ostiralean, 20:00etan egingo da izenburu honekin: "Gure ospakizunetarako jantziak azken 100 urteotan. Atontzearen garrantzia". Eta bigarrena, azaroaren 15ean, ostiralean, 20:00etan: "Gure tradiziozko jantziak". Ortzadarren egoitzan egingo dira: Descalzos kalea 56- behea, Iruñea.
Jardunaldiei amaiera jarriko diote kontzertu eta emanaldi ziklo batek Atarrabiako Kultur Etxean (lehenengoa) eta Barañaingo Entzun-aretoan (gainerakoak). Ortzadarren webgunean dago programa osorik: www.ortzadar.org/