Nafarroako Unibertsitate Publikoko hamar ikasle aste honetan hasiko dira Berriozarreko ikastetxeetako beste hainbeste haurrei laguntzeko programan, bai gaztelaniaz, bai euskaraz. Ekimen hau 2014ko maiatzera arte garatuko da, eta parte hartzen duten ikasleak hainbat testuinguru soziokulturaletako gaztetxoen gidariak izango dira, gizartean txertatzen laguntzeko, haiei laguntza emateko eta haientzat eredu positibo izateko. Programa NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzako Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatzen du, eta ikasturte osoan egiten diren jardueren jarraipena egiteaz arduratzen da.
Urretxindorra Proiektuaren bigarren edizioa Programa pilotua abian jarri zen aurreko asteburu honetan, jolas jardunaldi baten bidez, eta unibertsitateko ikasleek lehen harremana izan zuten 2013-14 ikasturte osoan zehar lagunduko dituzten adingabeekin. Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekziorako errektoreordea arduratu zen ongietorria egiteaz haurrei, haien gurasoei eta Berriozarreko Mendialdea ikastetxeko arduradunei.
Zehazki, Berriozarreko Mendialdea ikastetxean Lehen Hezkuntzako seigarren ikasmaila egiten ari diren zortzi haurri eta Iruñerriko udalerri bereko institutuan Bigarren Hezkuntzako lehen ikasmailan matrikulatutako beste bi ikasleri lagunduko zaie.
Honako hauek dira Urretxindorra proiektuan parte hartuko duten ikasleak: Leire Poyato Maiztegi, Isabel Ecay Moreno, Nahia Gracia Garijo, Irati Jáuregui López, Joseba Bergera Aramendia, David San Juan Conde, Pilar Guerra Lozano, Alicia Fernández Elorz, Cristina Leiva Cabello eta Elisa González Larequi. Ikasle horietatik lauk Irakasletza Gradua egiten ari dira, eta gainerakoak Gizarte Laneko Gradua (2), Telekomunikazioaren Teknologietako Gradua (2), Igeniaritza Mekanikoko Gradua (1) eta Esku-hartze Sozialeko Gradua (1).
Programaren helburua da unibertsitateko ikasleak eta kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako haurrak harremanetan jartzea, abiapuntutzat hartuta haien arteko harremana aukera ona dela beste esperientzia batzuk izateko, beste trebetasun batzuk lantzeko, eta pertsonarteko beste harreman modu batzuk edukitzeko. Ikasleen eta adingabeen arteko elkarreraginak bultzatuko ditu ulermena eta aniztasunarekiko errespetua, azken urteetan sortutako testuinguru kulturaniztun berrian. Xedea da esperientziak onura ekartzea adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.
Prestakuntza eta jarraipena
Deialdi publiko baten bidez aukeratutako ikasleek prestakuntza jaso dute, aniztasun kulturalari, gaztetxoekin egoerei aurre egiteari edo familiarekin harremanak izateari buruzko gaietan. Laguntzeko lanak jarduera ludikoak eta kulturalak izango dira gaztetxoen aisialdietan, bi eta hiru ordu bitarte astean, eta Unibertsitateak gainbegiratu dituen hainbat irizpideri jarraikiz. Zehazki, Gizarte Ekintzarako Unitateak eta Gizarte Laneko Saileko eta Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleek egingo dute gainbegiratze-lana.
Ikasle gidariek harreman pertsonala garatu beharko dute adingabeekin, laguntza eskaintzeko eta haiendako eredu positiboa izateko. Gidaria izateak eskatzen du gaztetxoekin kalitatezko denbora eta arreta partekatzea eta jarduerak egitea, horien bidez beste itxaropen batzuk eta beste bizipen batzuk eskaintzeko. Jarduera bukatzen denean, ikasleek haien parte-hartzeari buruzko ebaluazio-txosten bat prestatuko dute. Parte-hartzaile bakoitzak 142 euroko beka bat jasoko du, jarduerak egiten diren bitartean sortutako gastuak ordaintzeko.