Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak zuzenbideko nazioarteko biltzar bat egingo du urriaren 23, 24 eta 25ean, eta energia berriztagarrien eta fracking bezalako teknika berrien lege arauketari buruz gogoeta egiteko. NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatutako nazioarteko biltzarrak aditu eta espezialista multzo bat bilduko du, bai irakaskuntzaren arlokoak, bai esparruko profesionalak direnak, arauketa eredu indarduna aztertzeko, beste herrialde batzuetako esperientzien berri izateko eta energia berriztagarriak arautzeko eredu arrazionalago bat sortzeko elementuak ekartzeko.

Biltzar honen helburua da eztabaidatzea energia berriztagarrien, aldaketa klimatikoaren edo energia erauzteko edo metatzeko sistema berrien arauketa egokia ote den. José Francisco Alenza García Administrazio Zuzenbideko katedraduna eta Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa izango da topaketa zientifiko honen zuzendaria.

"Energia berriztagarriak eta aldaketa klimatikoa: esparru juridiko komun baterantz" izeneko topaketa hau honako hauei zuzendua dago: Zuzenbideko lizentziadunak, Zuzenbide Lizentziaturako, Zuzenbide Graduko eta EAZ eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikasleak, bai eta abokatuak, aholkulariak eta energia berriztagarrien esparruan interesa duten gainerako profesionalak. Zientzia Juridikoen Fakultateak kredituak aitortuko dizkie, hala eskatzen duten ikasleei, biltzarrean parte-hartzeagatik, eta biltzarreko edukiei buruz txosten bat egiteagatik.

Biltzar honetan parte hartzen duten adituek komunikazio zientifikoak aurkeztuko dituzte bederatzi panelen bidez, eta horietan gogoeta egingo dute honako gai hauei buruz: politika energetikoa eta esparru juridiko orokorra; energia berriztagarrien ingurumen eragina eta ezarpena lurraldeka; eraginkortasun energetikoa Espainian; energia berriztagarriak Europan, Amerikan, Afrikan, Asian eta Ozeanian; energia berriztagarrien fiskalitatea; edo energia berriztagarrien sustapena krisiaren testuinguruan.

"Energia berriztagarriek mahairatutako erronka juridiko berriak" izena duen panelean aztertuko dira frackinga edo CO2 metatzeko teknologia energetiko berriak abian jarri izanak sortutako ondorioak. Gogoan hartu behar da Nafarroako Parlamentuak berriki onetsi duela Foru Lege bat frackinga edo fraktura hidraulikoa debekatzen duena; gehigarri kimikoen injekzioaren bidez gasa erauzteko eta ikertzeko erabiltzen den teknika bat dena.

Era berean, "Energia berriztagarrien sustapena krisiaren testuinguruan" izeneko panelean, energia berriztagarriei berriki laguntzak kendu izanari buruzko eztabaida egingo da.

Programa osoa helbide honetan dago: http://www.unavarra.es/actualidad/congresos