Joan eduki nagusira

zoom Ruth Sanz Barrio ikertzailea

Ruth Sanz Barrio ikertzailea

Ruth Sanz Barrio NUPeko nekazaritza ingeniaria eta Agrobioteknologia Institutuko (CSIC-en, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren zentro mistoa) ikertzailea da. Bere doktoretza tesian demostratu du, lehen aldiz, posiblea dela tabakoaren zenbait proteina (tiorredoxinak izenekoak) erabiltzea landareetako bioteknologiarako tresna gisa. Zehatz esanda, tabako landareetako hostoen almidoi-kopurua % 700 eta azukre hartzigarriak % 500 handiagotzea lortu du. "Uste dugu genetikoki eraldatutako landare hauek -azaldu du-, alternatiba ona izango liratekeela elikadura-laboreen aurrean bioerregaiak ekoizteko, eta gainera irtenbide bat emango litzaiekeela gure herrian tabakoa landatzen duten lurraldeei; izan ere, labore hauek arriskuan daude Europako laguntzak desagertuko direlako".

Tiorredoxinak (Trxs) izaki bizidun gehienetan dauden proteina txikiak dira. Bere ikerketan, Ruth Sanzek demostratu du tabakoaren f eta m tiorredoxinak tresna bioteknologikoak direla landareetako almidoi-edukia gehiagotzeko, baina baita giza-albumina bezalako proteinen ekoizpena handiagotzeko ere. "Aspalditik gauza jakina zen Trxs hauek izaki bizidunetan funtzio erregulatzaile bat zeukatela, baina tesian demostratu dugu, gainera, beste proteina batzuei laguntzen ahal dietela, funtzional izateko moduan tolestu eta egituratzeko".

Giza albumina munduan helburu terapeutikoekin gehien erabiltzen den zain-barneko proteina da. Odol bolumena egonkortzeko eta infartu arriskua saihesteko balio du, eta oso ohikoa da bere erabilera kirofanoetan. Erabiltzen da baita ere erreduretan, kirurgia ebakuntzetan, odol-jarioetan edo pazienteak desnutrizioa edo deshidratazioa, infekzio kronikoak eta giltzurrun edo gibel gaixotasunak dituenean.

zoom F Tiorredoxinaz eraldatu den tabako-landare baten zelula begetal baten irudia. Almidoi-pinporta handiak ikusten dira (horiz tindatuak) kloroplastoen barruan (berdez tindatutako organulo hauetan egiten da fotosintesia)

F Tiorredoxinaz eraldatu den tabako-landare baten zelula begetal baten irudia. Almidoi-pinporta handiak ikusten dira (horiz tindatuak) kloroplastoen barruan (berdez tindatutako organulo hauetan egiten da fotosintesia)

Merkaturatzeko albumina odoletik ateratzen den arren, erreserba bolumen nahikorik ezak ikertzaile asko bideratu ditu proteina hori kopuru handietan lortzeko formula berriak bilatzera, modu ekonomiko eta seguruan. "Guk prozedura errazago eta merkeago bat aurkitu dugu, tabako landarean ekoitzi eta bertatik erauzteko. F edo m Trx-ak kodetzen dituzten geneen fusioaren bidez, proteina birkonbinatuaren kopurua (gure kasuan, albumina) handiagotzen dugu. Albuminaren disolbagarritasuna eta tolesdura hobetzea lortzen dugu, baita ere; horri esker errazago erauzten da landaretik, eta prozesuaren kostuak merkeagotzen ditu".


Tabakoa bioetanola ekoizteko


Ikerketaren garapenean, lehen aldiz demostratu da, in vivo, f tiorredoxina m Trx baino eraginkorragoa dela karbohidratoen metabolismoaren erregulazioan, zeren "hostoan dagoen almidoi kopuruaren handiagotze nabarmena ekartzen baitu, % 700 handiagoa izan daitekeena eraldatu gabeko kontrol-landarean lortzen denarekin konparatuta". Ruth Sanzek azaldu duenez, hau ere berria izan da, "orain arte uste zelako bi Trx-ek modu berean jokatzen zutela, baina demostratu dugu ez dela horrela".

F Trx-ak almidoi-sintesian daukan funtzio eregulatzailea baieztatu eta gero, ikerketaren helburua izan zen ikustea hau nola aplika zitekeen bioetanol ekoizteko labore energetikoetan. "Ikusi genuen genetikoki eraldatutako tabako-landareen hostoek azukre hartzigarri gehiago askatzen zutela, % 500 gehiago. Geroago bioetanol bihurtuko diren azukre hauekin, 40 litro etanol lortzen ahalko lirateke hosto freskoen tona bakoitzeko -Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak egin zuen kalkulu teorikoaren arabera, han egin baitzen saiakuntza entzimatikoa-, hau da, bioetanolaren errendimendua 10 aldiz handiagoa izango litzateke, eraldatu gabeko kontroleko tabako-landarearekin konparatuta".

Genetikoki hobetutako tabakoa, beraz, biomasa lortzeko iturri alternatiboa izan liteke Extremadura eta Andaluzia bezalako eskualdeetan, han tabakoa ekoitzi ohi delako. Hobetutako barietate hauen almidoi-ekoizpenaren gutxi gorabeherako kalkuluak garagar edo gari laboreen parekoak izango lirateke. "Gaur egun zerealak bioetanola ekoizteko lehengaia bezala erabiltzen direnez, genetikoki eraldatutako tabakoa biomasa eta energia garbiak lortzeko iturri alternatiboa izan liteke."

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko Inmaculada Farran Blanch irakasleak zuzendu du “Caracterización y aplicaciones biotecnológicas de las tiorredoxinas plastidiales f y m de tabaco” izeneko tesia, kalifikaziorik handiena lortu duena: Bikain cum laude.

Ruth Sanz Logroñokoa da, eta Nekazaritza Ingeniartiza Teknikoa ikasi zuen Errioxako Unibertsitatean. Ikasketak osatu zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non Nekazaritza Ingeniaritza egin baitzuen 2004an. Unibertsitate honetan lankidetzarako bekaduna izan zen Nekazaritzako Ekoizpeneko Sailean, eta doktoretza tesia egiten hasi zen, Ángel Mingo katedradunaren eta Inmaculada Farran doktorearen zuzendaritzapean.

Ikertzaile-prestakuntzan, hainbat beka eta kontratu eduki ditu, Agrobioteknologia Institutuko Landare Agrobioteknologia laborategian lan egiteko (NUP; CSIC, Nafarroako Gobernua). Gainera, egonaldi bat egin zuen Isla de la Cartujako Ikerketa Zientifikoen Zentroan (Sevillako Unibertsitatea - CSIC). 2010ean Dublinen izan zen nazioarteko batzar batean, ikasle batek aurkeztutako poster-aukezpenik onenaren saria jaso zuen,. Orduan ere, lanaren gaia hauxe izan zen: tabako landareetan albumina nola lortu. Mingo eta Farran irakasleekin batera, bi patenteren egilea da, baita hainbat artikulu zientifikorena ere. Halaber, komunikazioak eta hitzaldiak aurkeztu ditu nazioko eta nazioarteko hainbat biltzarretan.