Nafarroako Unibertsitate Publikoak doako prestakuntza jarduerak antolatu ditu 2013ko azken hiruhilekoan unibertsitateko tituludunen lan-txertaketa hobetzeko eta enplegu batera sartzeko aukerak handiagotzeko. Zehazki, NUPek, Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bidez, lana bilatzeko eta lan-elkarrizketa egiteko lantegiak eta gaitasunetan prestatzeko lan-prestakuntzarako ibilbideak martxan jarriko ditu. NUPeko Unibertsitateko Enplegu Zerbitzuaren Lan Orientaziorako Programak sustatu ditu jarduera hauek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera.
Lan Orientaziorako Programak garatzen dituen jardueren helburua da ikasleen eta unibertsitateko tituludunak errazago sartzea lan munduan, eta enplegu batera sartzeko aukera gehiago izatea. Horretarako informazioa, orientazioa, prestakuntza osagarria eta motibazioa lantzen duten jarduerak egiten dira. Prestakuntzarako eta lan-munduan sartzeko ibilbideak ere ezarri dira, norberaren jarraibide pertsonalizatua eta bitartekaritza ekintzak ere eginez, unibertsitateko tituludunak lan-munduan errazago sar daitezen. Hemen daukazu lantegi hauen edukiari buruzko informazio guztia: http://www.unavarra.es/fundacionuniversidadsociedad
Lana bilatzeko lantegiak azaroaren 19tik 21era eta abenduaren 10etik 12ra izango dira. Lantegien iraupena 15 ordukoa da, eta programaren edukiaren barruan daude honako hauek: nork bere burua ezagutzea, lana bilatzeko baliabideak eta tresnak eta hautaketa-prozesuen analisi bat.
Beste alde batetik, elkarrizketa-lantegia urriaren 9tik 11ra izango da, eta bere helburua da unibertsitateko tituludunak prestatzea, ohikoenak diren galderak eta elkarrizketa-motak ezagutaraziz. Ikastaroaren barruan praktikak eta simulazioak izango dira. Hogei postu daude ikastaroa egiteko.
Fundazioak gaitasunetan prestatzeko lan prestakuntzarako ibilbide bat antolatu du, baita ere, Giza eta Gizarte Zientzien, Ekonomia eta Enpresa Zientzien edo Zientzia Juridikoen titulua daukaten tituludunentzat. Lantegia azaroaren 18tik 22ra izango da, eta hogei postu edukiko ditu. Jarduera honen helburua da parte hartzen duen ikaslea, bere prestakuntza, interesak eta motibazioak ezagutzea, lana bilatzeko prozesuari dagokionez. Halaber, lana bilatzeko eta gaitasunak garatzeko plan bat prestatuko da, parte-hartzaile bakoitzari egokitua.