Nafarroako Unibertsitate Publikoak zuzenbideko nazioarteko biltzar bat egingo du urriaren 23, 24 eta 25ean, eta energia berriztagarrien eta aldaketa klimatikoaren lege-arauketari buruz gogoeta egingo dute adituek. Biltzar honen helburua da eztabaidatzea energia berriztagarrien eta aldaketa klimatikoaren arauketa egokia ote den, haien sorkuntza eta erabilera sustatzeko. Izena emateko epea datorren urriaren 18an bukatuko da.
NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatutako nazioarteko biltzarrak aditu eta espezialista multzo bat bilduko du, bai irakaskuntza arlokoak, bai esparruko profesionalak direnak, arauketa eredu indarduna aztertzeko, beste herrialde batzuetako esperientzien berri izateko eta energia berriztagarriak arautzeko eredu arrazionalago bat sortzeko elementuak ekartzeko. José Francisco Alenza García Administrazio Zuzenbideko katedraduna eta Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa izango da topaketa zientifiko honen zuzendaria.
"Energia berriztagarriak eta aldaketa klimatikoa: esparru juridiko komun baterantz" izeneko jarduera hau honako hauei zuzendua dago: Zuzenbideko lizentziadunak, Zuzenbide Lizentziaturako, Zuzenbide Graduko eta EAZ eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikasleak, bai eta abokatuak, aholkulariak eta energia berriztagarrien esparruan interesa duten gainerako profesionalak. Zientzia Juridikoen Fakultateak kredituak aitortuko dizkie, hala eskatzen duten ikasleei, biltzarrean parte-hartzeagatik, eta biltzarreko edukiei buruz txosten bat egiteagatik.
Biltzar honetan parte hartzen duten adituek komunikazio zientifikoak aurkeztuko dituzte hainbat gaiei buruz. Esaterako energia politika eta esparru juridiko orokorra; energia berriztagarrien lurralde-ezarpena eta ingurumen-eragina; energia berriztagarriek ekarritako erronka berriak; energia berriztagarriak Europan, Amerikan, Afrikan, Asian eta Ozeanian; energia berriztagarrien fiskalitatea; edota energia berriztagarrien sustapena krisiaren testuinguruan. Programa osoa helbide honetan dago: http://www.unavarra.es/actualidad/congresos