UPPAko (Universitè de Pau et des Pays de l’Adour) hamahiru ikasle Nafarroako Unibertsitate Publikora etorri dira, bi asteko hizkuntza-murgiltze programa batean parte hartzeko. Bi erakundeetako Espainera eta Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika sailen arteko hitzarmen bati esker izan da posible hau egitea. Ondoren, NUPeko irakasletza graduetako zenbait ikaslek seihileko bat egingo dute aipatu unibertsitate frantziarrean.
NUPera iritsi diren ikasleak "Métiers de l’enseignement, spécialité Espagnol” izeneko masterra egiten ari dira. Horri esker, etorkizunean espainerazko irakasleak izango dira Frantziako bigarren hezkuntzan. Unibertsitatean dauden bitartean, hainbat ikastaro eta jardueratan parte hartuko dute, kulturaren eta hizkuntzaren aldetiko prestakuntza osatzeko.
Beren aldetik, trukean parte hartuko duten NUPeko ikasleek praktikak egingo dituzte Pirinio Atlantikoko departamentuko haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan, lehentasunez Paben edo mugatik gertuen dauden ikastetxeetan. Beren egonaldian frantseseko eskolak hartuko dituzte, eta aukera edukiko dute hizkuntza horren ezagutzaren egiaztagiri ofiziala lortzeko.
Bi erakundeek izenpetu duten nazioarteko lankidetzarako esparru-hitzarmenak biltzen duenez, programaren helburu nagusia da ikasleek lurraldea, eta esparru profesional, pedagogiko eta zientifikoa partekatzea. Halaber, beste helburu bat da UPPAko Département d’espagnol delakoaren eta NUPeko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailaren arteko lankidetza pedagogikoa eta zientifikoa areagotzea.
Hitzarmenak ikasleen mugikortasuneko jarduerak bultzatu nahi ditu, NUPeko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza Graduetako zazpigarren seihilekoko ikasleentzat. Ikasleek A2/B1 frantseseko maila eduki behar dute. Frantzian dauden bitartean, eskolak hartuko dituzte UPPAn, eta praktikak egingo dituzte ikastetxeetan, eta dagozkien kredituak lortuko dituzte.
UPPAtik datozen ikasleei dagokienez, espainerazko lizentziaturako hirugarren ikasmailan daude, eta beren prestakuntza barruan nahitaezkoa da hizkuntza-murgiltze egonaldi bat egitea.
Esparru hitzarmenak ezartzen ditu, halaber, ebaluazio prozedura, egonaldiko baldintzak, egiteko modukoak diren ikasketa planeko irakasgaiak eta egin behar diren eskola edo/eta praktikaren ordu kopurua. Mugikortasun jarduera hauek finantzatzeko, Erasmus laguntzak daude, baita Pyren programa ere, eta, gainera ikasleek eskatzen ahal dituzten laguntza espezifikoak (AEN, Iberus, eta abar).