Tesiak 3 Minututan izeneko lehiaketan izena emateko epea zabalik dago oraindik, irailaren 30era, astelehenera, arte. Aurten lehiaketa honen bigarren edizioa egiten ari da. Lehiaketak beren lanaren garrantzia eta gizarteari egiten dion ekarpena, espezializatua ez den publiko baten aurrean, hobekien azaltzen duten Nafarroako Unibertsitate Publikoan prestakuntza aldian dauden ikertzaile gazteak saritzen ditu.
Doktoretza tesien kategorian, saria 1000 eurokoa da. Master amaierako lanen eta karrera amaierako proiektuen kasuan, saria 500 eurokoa da bakoitzarentzat. Eskariak Unibertsitateak Iruñean eta Tuteran dauzkan erregistroetan aurkeztuko dira, edo bestela Administrazio Publikoei buruzko Legeek onartzen duen beste edozein prozedura erabiliz, deialdiaren oinarrietan esaten den bezala. Oinarriak honako web-orrialde honetan daude ikusgai: www.unavarra.es/t3m
Ikerketaren edo proiektuaren garapena gehienez hiru minututan azaltzeko erronkari aurre egin beharko diote parte-hartzaileek, eta hizkera erraz, ulergarri eta jendeari orokorrean iristeko modukoan egin beharko dute. Ikus-entzule ez espezializatuei ideiak eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna balioetsiko du epaimahaiak. Bigarren edizio honetan, berritasun gisa, lan irabazleak irratiaren bidez emango dira, Nafarroako Radio Nacional de Españarekin lortutako akordioari esker.
Tesiak 3 Minututan izeneko lehiaketak etorkizuneko ikertzaileak kontzientziatu nahi ditu beren lana zabaltzeak duen garrantziaz, eta aldi berean, gizartearen kultura zientifikoari lagundu nahi dio. Lehen edizioa 2012an izan zen, eta Ikerketako Errektoreordetzaren ekimenenez antolatu zen. Komunikazio Zerbitzua, Kultura Zientifikoaren Unitatea eta Unibertsitateko Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegia izan dira laguntzaileak, eta Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) delakoak kofinantzatu du.