Nafarroako Unibertsitate Publikoak Liburutegiaren ordutegia berrantolatu eta liburuen mailegu-zerbitzua hobetu du. 2013-14 ikasturtetik aurrera, NUPek Arrosadiko campusean daukan Liburutegia astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 21:30era irekiko da, eta asteburuetan itxita egongo da, aurrekontu-murrizketak direla eta. Azterketa garaian, Liburutegia 9:00etatik 23:00etara irekiko da asteburuetan. Berritasuna da, larunbatetan, 8:00etatik 15:00etara, Ikasgelategiko ikasgelak ikasteko gela gisa erabiliko direla.
Bestalde, unibertsitateko komunitatearentzako mailegu-zerbitzua ere hobetu du Liburutegiak, liburu kopurua handitu eta itzulketa-epea luzatu baititu. Lehenik eta behin, hiru liburu maila sortu dira, maila horietako bakoitzari mailegu-epe desberdinak eman baitzaizkio. Hauek dira mailak: bibliografia gomendatua, ikerketa eta gordailuko bildumak, eta literatura, zinema eta musika.
Orain arte, ikasleek hiru liburu eskatzeko aukera zuten bi eguneko eperako gehienez ere. Arauketa berriarekin, gehienez ere hamar liburu maileguz hartu eta aste bateko epean itzuli beharko dituzte graduko, lehen eta bigarren zikloetako eta Esperientziaren Gelako ikasleek. Horrez gain, ikerketa bildumen eta literatura, zinema eta musikari dagokienez, mailegua bi aldiz berritzeko aukera izango dute.
Halaber, graduondo eta ikasketen amaierako proiektuetako ikasleentzako mailegu araudia ere asko hobetu da. Orain arte, gehienez ere bost liburu eskatzeko aukera zuten bost egunerako. Ikasturte honetatik aurrera, gehienez ere 15 liburu hartuko dituzte maileguz bi asteko eperako, bildumei eta literaturari dagokienez, eta aste baterako bibliografia gomendatuan.
Beste eraikin batzuetako ordutegia
Aurrekontu-arrazoiak direla-eta, NUPek Arrosadiko Campuseko, Tuterako Campuseko eta Osasun Zientzien eraikineko beste bulego batzuetako ordutegiak berrantolatu ditu. Arrosadiko Campuseko Ikasgelategia itxita egongo da igande eta jaiegunetan, eta larunbatetan irekita egongo da 8:00etatik 15:00etara. Azterketa garaian, larunbat, igande eta jaiegunetan eraikina 8:00etatik 21:00etara egongo da irekita.
Antzeko zerbait gertatuko da Osasun Zientzien eraikinarekin, larunbat, igande eta jaiegunetan itxita egongo baita, azterketa-garaian izan ezik, 9:00etatik 19:00etara irekita egongo baita egun horietan. Bestalde, Sario eraikina ere itxita egongo da asteburu eta jaiegunetan.
Tuteran, Liburutegia asteburu eta jaiegunetan itxiko da. Azterketa garaian, zerbitzu hori 8:00etatik 20:00etara erabiliko da.