Nafarroako Unibertsitate Publikoak heldu den asteartean, irailaren 24an, emango dio hasiera Conversaciones-Solasaldiak zikloari. Hainbat mahai-inguru eta solasalditan bai gizartearentzat orokorrean bai esparru zientifikoan interesgarriak diren gaiak aztertuko dira. Jardunaldi hauek Unibertsitateak eta Nafarroako Parlamentuak elkarrekin jarduerak garatzeko eta urtearen azken lauhilekoan egiteko sinatu duten lankidetza hitzarmenaren esparruan kokatzen dira.
Zikloko hitzaldi guztiak, sarrera doakoa dutenak, 19:30ean egingo dira Nafarroako Parlamentuko erabilera anitzeko aretoan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batek koordinatuko du mahai bakoitza eta mahai-inguruetan, gainera, diziplina bakoitzeko zenbait ikertzailek eta adituk parte hartuko dute. Kazetari bat moderatzaile gisa aritzen da saioetan.
Programa heldu den asteartean hasiko da "Krisia, erakundeak eta klase politikoa" izeneko solasaldiarekin. NUPeko Administrazio Zuzenbideko katedraduna eta saio honetako koordinatzaileak azaltzen duenez, "gaur egungo krisia ez da krisi ekonomiko soila, baizik eta krisi sozial eta politikoa ere bai. Inkestek erakusten dute hiritarrek ez dutela instituzioetan eta alderdi politikoetan konfiantzarik". Testuinguru horretan, hizlariak honako gai hauez mintzatuko dira: zein da klase politikoaren jarduna bizi dugun krisiaren aurrean?, beharrezkoa da aldaketa orokor bat, edo zein gauza zehatz aldatu behar dira?, beharrezkoak dira instituzio berriak edota klase politiko berri bat?
Lehenbiziko hitzaldiko hizlariak hauek dira: José Antonio Gómez Yáñez, soziologoa eta Soziologiako irakasle elkartua Carlos III Unibertsitatean; Rafael Jiménez Asensio, Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna eta Fundación Democracia y Gobierno Global fundazioko zuzendaria; eta María José Martínez Iglesias, Europako Parlamentuko Lehendakaritzaren Kabineteko kidea. Hitzaldiaren moderatzailea izango da Mikel Donazar kazetaria.
Gai anitzak
Zikloak beste hiru saiorekin jarraituko du urrian eta azaroan. Urriaren 15ean ariketa fisikoari eta osasunari buruzko hausnarketa egingo da. Izenburua "Zenbat eta ariketa gehiago egin, gaixotasun eta farmaziako gastu gutxiago. Zeren zain gaude?". Abiapuntua da ikerketa zientifiko bat, non frogatu den ariketa fisikoko programa batean parte hartu zuten pertsonek nabarmen murriztu zituztela osasun etxera egin beharreko bisitaldiak.
Mikel Izquierdo, Fisioterapian katedradun NUPen eta saioko koordinatzaileak, azpimarratzen du "zientifikoki aski frogatua badago ere jarduera fisikoak biztanleriaren osasuna hobetzen duela, ariketaren ondorioak oraindik ez daude onartuak ez gizartean ez politikaren arloan". Jarraian hainbat galdera egiten ditu: "Zeren zain gaude ariketa fisikoa botika bezala agintzeko? Noiz errezetatuko da ariketa fisikoa egitea astean bitan, gaixotasun kardiobaskularrak eta ahalmen funtzionalaren gainbehera bezalako beste gaixotasun kroniko batzuk prebenitu eta tratatzeko? Noiz gauzatuko dira aldaketa sakonak gure seme-alabek ariketa fisiko gehiago egin dezaten lehen hezkuntzatik hasita? Horretaz guztiaz mintzatuko dira Leocadio Rodríguez Mañas, Getafeko Unibertsitate Ospitaleko Geriatria Zerbitzuko burua; Fernando Rodríguez Artalejo, Medikuntza eta Osasun Publikoan katedraduna (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa); Elena Andradas Aragonés, Osasun Sustapena eta Epidemiologiako zuzendariorde nagusia, Osasun Ministerioan; eta Esteban Gortostiaga, Nafarroako Gobernuko Kirol Ikasketen, Ikerketaren eta Medikuntzaren Zentroko zuzendaria.
Azaroan bi mahai-inguru egingo dira. Lehenbizikoa, hilaren hasieran, Miguel Ángel Gómez Laso, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko irakasle titularrak koordinatuko du, eta izenburua “Hainbeste problema Lurrean eta, espazioan ikertu? Ikerketa espaziala: joan etorriko bidaia bat". Bigarrenean, azaroaren 27an, etxebizitzaren problema aztertuko da ikuspegi sozial batetik: "Burbuila inmobiliarioaren eztandaren ondoren, posible al da etxebizitzari buruzko gizarte politika Espainian?". Begoña Pérez Eransus Gizarte Laneko irakasle titular eta NUPeko Hiritartasunari, bizikidetzari eta aniztasunari buruzko UNESCO Katedrako zuzendariak koordinatuko du hitzaldi hau.