Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Zabalkunde Zientifikoko App-ak Diseinatzeko I. Sarirako deialdia egin du, sakelako telefono adimentsuetarako (smartphones). Titulazio ofizialetako ikasleek hartzen ahal dute parte 2000 euro banatuko dituen sarian. Sariaren helburua ikasleen eta etorkizuneko ikertzaileen interesa eta jakin-min zientifikoa piztea da, baita espezializatua ez den publiko batentzako zabalkunde zientifikoko aplikazioak, gailu mugikorretarako, sortzeko ahalegina aitortzea ere. Lanak aurkezteko epea 2014ko ekainaren 1etik 30era izango da.

Ikerketako Errektoreordetzak antolatu du sari hau, Kultura Zientifikoaren Unitatearen eta Komunikazio Zerbitzuaren laguntzarekin. Oinarrietan esaten den bezala, sari honek saritu nahi duena da ikasleek, unibertsitate prestakuntzako urteetan zehar, lortu dituzten gaitasunak eta ezagutzak zientzia zabalkundearen zerbitzuan jartzea, beren bizitzetan oso errotuta dagoen komunikazio-tresna baten bidez: gailu mugikor adimentsuak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan Lizentziatura, Ingeniaritza, Gradu, Master eta Doktoretzako titulazioetan 2013-2014 ikasturtean matrikulatu diren ikasleek parte hartzen ahal dute sari honetan. Ikasleek banaka aurkeztuko dira edo gehienez ere hiru pertsona bilduko dituzten taldeetan. Parte-hartzaileek eskubidea daukate irakasle baten laguntza edukitzeko, eta aurkezten duten lana gradu amaierako edo master amaierako proiektu baten oinarria izan daiteke. Lehen saria 1000 eurokoa da, bigarrena 600 eurokoa eta hirugarrena 400 eurokoa. Hemen daude lehiaketaren oinarriak eta izena emateko orria: www.unavarra.es


Aplikazio doakoak eta ingelesezko bertsiodunak


Sarian aurkezten diren aplikazioak doakoak izango dira, ingelesezko bertsio bat edukiko dute, guztiz funtzionalak izango dira eta honako inguru hauetako batean garatuko dira: Apple (iPhone/iPad), Android eta Windows Mobile). Gainera, mugikorretako aplikazioetarako ohiko gordetegiren batera jaitsiko dira.

Akademikoek eta zientzia zabalkundean eta aplikazio mugikorren diseinu eta garapenean adituak diren profesionalek osatuko dute epaimahaia. Epaimahaiak gailu mugikorraren beraren gaitasunak ustiatzeko modua balioetsiko du, baita sentsoreen erabilera ere, ahalik eta didaktikoen eta erakargarrien diren erakustaldiak eta esperimentuak egiteko. Kontuan hartuko diren beste elementu batzuk aplikazioaren erabilgarritasuna eta sartzeko erraztasuna izango dira, edo produktuaren garapenari begira eginda izatea (ideiaren sorrera, produktuaren diseinua, prestakuntza eta sustapena).

Azkenik, epaimahaiak kontuan hartuko ditu, baita ere, beste honako hauek: aplikazioaren balio teknikoa, diseinua eta edukia, ahalik eta publikorik zabalenera iritsi ahal izatea, batez ere gaztea bada, eta diziplina anitzeko ekipoek garatzea app-a, aplikazioari zientziaren ikuspuntu guztiak eman ahal izateko.