Liburu batean aztertzen da nafartar multzoak XIX. mendetik Argentinan izan duen migrazio esperientzia Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Rosarioko Unibertsitate Nazionaleko zenbait ikertzailek egindako azterlanen bidez. Azterlan honetan jarraipen bat egin da Argentina eta Nafarroa artean azken mende eta erdian izan diren migrazio fluxuen historiarena: nafartar multzoak egindako antolamendu moduak, haien memoria eta identitatea, itzulera prozesuak eta gaur egun zein den pertsona horien egoera. Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitaratu du liburua eta salgai dago 18 eurotan.
“La colectividad de origen navarro en Argentina: los centros navarros como espacio de encuentro” da liburuaren izenburua. Koordinatzaileak izan dira Sagrario Anaut Bravo NUPeko Gizarte Laneko Saileko irakaslea eta Mariana B. García Quiroga, Rosarioko (Argentina) Unibertsitate Nazionaleko Unibertsitate irakaslea, migrazio gaietan espezialista dena. Liburuko ikerketa lanek Sagrario Anauten eta Mariana B. Garcíaren sinaduraz gain, beste sinadura hauek ere badituzte: Miguel Laparra Gizarte Laneko irakaslea, Ruth Itúrbide, Lucía Martínez Virto, Nerea Zugasti eta Rubén Lasheras, guztiak Gizarte Laneko irakasle elkartuak NUPen, eta Ángel García, kolaboratzailea..
Testua bi gai-multzo handitan antolatua dago. Lehenbizikoa, liburuaren lehen bi kapituluak biltzen dituena, Nafarroatik egin den nazioarteko inmigrazioaren azterketa orokor bat da. Multzo hau erreferentzia esparru gisa aurkezten da eta Nafarroako migrazioa aztertzen du XVI. mendetik gaur arte; bereziki aztertzen ditu dinamikak, tipologiak, arrazoiak eta neurri kuantitatiboak.
Emigrantearen profila eta nafar etxeak
Liburuaren bigarren zatiak esklusiboki jartzen du arreta Argentinar Errepublikan, herrialde horretan baitago munduko nafar emigrante multzo handiena. Dauden kapituluetan, adibidez, XX. mendean Argentinara joan ziren nafarren bizitza aztertzen da: zerk bultzatu zituen alde egitera, emigrantearen ezagarri soziodemografikoak eta Argentinan egokitzeko eta ezartzeko prozesuak.
Beste kapitulu batean nafar etxeen inguruko asoziazionismoa aztertzen da. Oraindik ere zentro hauek asoziazionismo eredu egokiak izaten jarraitzen dute, nafar jatorriko emigranteen beharretik sortuak baitira, eta bertan batzen baitira nolabait familiaren afektuak, herrimina eta herriko ohituren mina. Eszenatoki horretan kolektibitatea birsortzen da eta haren iraupena bermatzen da.
Itzulera prozesuen konplexutasuna da liburuan jasotzen den beste gai bat. Itzulera horrek jatorria dauka motibazio ekonomiko eta politikoetan, ez du instituzioen laguntzarik eduki eta oso lotua dago lotura sozialekin. Azkenik, beste kapitulu batean Nafarrek Argentinan duten identitatea aztertzen da.