

Errektorea zuzentzen zaio unibertsitateko komunitateari, Barcina lehendakariaren eta Manuel Rapun errektoreordearen artean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2013-14 ikasturtearen hasiera ekitaldia ospatu du ostiral honetan, irailaren 13an. Ekitaldia Sario eraikineako Fernando Remacha aretoan egin da, eta Julio Lafuente López Unibertsitateko errektorea eta Yolanda Barcina Angulo Nafarroako Gobernuko lehendakaria izan dira ekitaldiaren buru. Luis Miguel Ezquerro Marínek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko algebra katedradunak, hasierako ikasgaia eman du, "Nola aurkitu orratz bat lastategi batean" izena duena.
Ekitaldian Nafarroako agintari nagusiak eta erakunde ekonomiko eta sozialen ordezkariak izan dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kideekin eta goi mailako hezkuntzako beste erakunde batzuetako kideekin batera.
Ekitaldia 12:00etan hasi da segizio akademikoaren desfilearekin Mauro Malvé banderaduna aurretik zihoala, eta Fernando Remacha aretoan sartu da Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko Soka Laukoteak "Erresuma sartzeko Martxa" interpretatzen zuen bitartean. Gero, Javier Etxeberria Martorell Unibertsitateko idazkari nagusiak 2012-2013 ikasturteari dagokion oroitidazkiaren laburpena irakurri du.
Ondoren, Luis Miguel Ezquerrok hasierako ikasgaia eman du. Ikasgaiaren izenburua "Nola aurkitu orratz bat lastategi batean" izan da. Hitzaldiak interneteko bilatzaileen oinarri algebraikoa aztertu du. Ezquerrok gogorarazi du AEBko informatikari eta matematiko batek 1998an sortu zuen algoritmo honen gakoa bilaketan eta ordenaketan dagoela. "Algoritmo harrigarri eta etekintsu honen sortzaileek ezagutzen zituzten, sakon ezagutu ere, gai horiek, eta ezagutza horri esker gauza izan ziren zailtasunak gainditzeko eta beren arrazonamenduak fintzeko, eraikuntza eraginkorra izan zedin", esan du Ezquerrok. Gero honako hau gaineratu du: "ez zuten aski izan formula pare bat erabiltzea; aitzitik, sortzeko modua eta oinarria ulerturik, eredu erabilgarri bat egiteko gauza izan ziren, hipotesi teorikoak zorrotz betetzen zituena, emaitza bermatzeko". ç
Inaugurazio-hitzaldia egin eta gero, Julio Lafuente errektoreak eta Yolanda Barcina Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariak hitz egin dute. Azken honek eman dio hasiera ofiziala 2013-14 ikasturteari.
Julio Lafuente errektoreak haren hitzaldian esan duenez, unibertsitatea aldaketetan murgilduta dago. Eta aldaketak beharrezkotzat jo ditu, baina “guztiz ezinbestekoa“ da –gaineratu du- aldaketa horiek ez dezatela murriztu hainbat ahaleginekin erdietsi den aurrerapena, alegia, unibertsitate publikoak eskaintzen duen aukeren berdintasuna. Zentzu horretan, deitoratu du aipatu aukeren berdintasuna pairatzen ari den atzerapena unibertsitate publikoaren sisteman, alde batetik, matrikulen prezioen goratzeagatik, eta bestetik beka lortzeko baldintzen okertzeagatik. “Zentzuzkotzat jotzen dut bekadunak, salbuespenak salbu, ikasturtea gainditzeko beharra izatea bekari eusteko. Baina horretarako ez du zentzurik ikasleei nahikotik gora eskatzea”, azpimarratu du errektoreak. Bestalde, apustu egin du NUPen eskaintzen diren titulazioak handitzeko Medikuntza Graduaren ezarpenaz. Lafuentek adierazi du “Medikuntzaren ezartze horrek Nafarroako osasun sistema publikoa indartuko zuela, eta herritarrendako arreta ere hobetuko litzatekeela”.
Gaudeamus Igiturrek eman dio amaiera ekitaldiaren musika-parteari, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Soka Laukoteak eta Arturo Goldaracena Asak zuzendutako Unibertsitateko Abesbatzak interpretatuta. Gainera, Urtzi Iraizozek "Argirantz" interpretatu du, akordeoiaz. Hau Juan Cazcarraren obra bat da, 2012an estreinatu zena, eta Jorge Oteiza eskultoreak objektu arinekin eraikitzen duen espazio espirituala birsortu nahi duena.
Multzo finituen teorian espezialista
Luis Miguel Ezquerro Matematikan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta Algebran doktorea Valentziako Unibertsitatean. Valentziako Unibertsitatean, 1986an, hasi zen bere irakasle-lana, han irakasle titularra izan baitzen; 1990etik Algebrako irakasle titularra da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. 1995. urtean katedra irabazi zuen. NUPen Matematika eta Informatika Saileko zuendaria izan da (1996-1999), eta Irakasleen Gaietarako errektoreordea (2004-2007).
Ezquerrok berrogei ikerketa-lan baino gehiago egin ditu multzo finituen teoriaren arloan, eta Springer-Verlag argitaletxeak 2006an argitaratu zuen "Classes of Finite Groups” liburuaren egileetako bat da. NUPeko algebra katedraduna ebaluatzaile zientifikoa da matematika arloko ikerketa-aldizkari askotan, eta American Mathematical Society elkarteko aztertzaile zientifikoa da.