Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2013-14 ikasturtearen hasiera ekitaldia ospatuko du ostiral honetan, irailaren 13an. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan. Julio Lafuente López Unibertsitateko errektorea eta Yolanda Barcina Angulo Nafarroako Gobernuko lehendakaria izango dira ekitaldian buru. Horiekin batera Foru Erkidegoko agintari nagusiak eta unibertsitate komunitateko kideak egongo dira.

Luis Miguel Ezquerro Marínek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko algebra katedradunak, hasierako irakasgaia emango du, izenburu honekin: "Nola aurkitu orratz bat lastategi batean". Hasierako irakasgaiak Interneteko bilatzaileen funts algebraikoa aztertzen du.

Ekitaldia hasteko, segizio akademikoaren desfilea izango da, eta Javier Etxeberria Martorell NUPeko idazkari nagusiak 2012-2013 ikasturteari dagokion oroitidazkia irakurriko du. Ondoren inaugurazio-hitzaldia izango da, eta geroago Julio Lafuente errektoreak eta Yolanda Barcina Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariak hitz egingo dute. Azken honek emango dio hasiera ofiziala 2013-14 ikasturteari.

Luis Miguel Ezquerro Matematikako lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta Algebran doktorea Valentziako Unibertsitatean. Valentziako Unibertsitatean eman zion hasiera bere irakasle-lanari, 1986. urtean, hango irakasle titularra zelako. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Algebrako irakasle titularra da 1990. urtetik. 1995. urtean katedra irabazi zuen. NUPen Matematika eta Informatika Saileko zuzendaria izan da, eta Irakasleen Gaietarako errektoreordea (2004-2007).

Ezquerrok 40 ikerketa-lan baino gehiago egin ditu, talde finitoen teoriaren arloan, eta “Classes of Finite Groups” liburuaren egileetako bat da, 2006. urtean Springer-Verlag argitaletxeak argitaratu zuena. NUPeko Algebrako katedraduna matematika arloko ikerketa-aldizkari askotako ebaluatzaile zientifikoa da, eta American Mathematical Society elkarteko berraztertzaile zientifikoa.