Irailaren 2an, astelehenean, irekiko da, unibertsitate komunitateko kideentzat, Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako 2013-2014 ikasturterako kultura-ikastaroetan izena emateko epea. 29 ikastaro dira, horietatik hamahiru berriak, eta aipatzekoak dira Zientzia eta Teknologia Gelaren ikastaro hauek: "Fabrikazio digitaleko laborategia", "Datuak bistaratzeko eta informazioa mapatzeko lantegia" eta "Elkarlaneko kultura(k) eta SARE gizartea: jardunbideak eta joerak " Unibertsitatekoak ez direnentzat, irailaren 16an irekiko da epea, eta eskaintza osoa Kultura Jardueren Atalaren web orrialdean dago.
Bigarren seihilekoko ikastaroetan matrikulatzeko epea urtarrilean irekiko da. Programaren edukiari dagokionez, gela hauek emango dituzte ikastaroak: Ondarea eta Arte Plastikoak, Musika eta Arte Eszenikoak, Komunikazioa, Irudia eta Soinua, Zientzia eta Teknologia eta Gastronomia. Ikaspostu kopurua eskaera kopurua baino handiagoa bada, lehentasun hurrenkera hau da: ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetako langileak (AZL), Unibertsitatearen Adiskideak eta Ikasle Ohiak programetako kideak, eta gainerakoak. Zorrotz beteko da izena emateko hurrenkera.
Bi ikastaro berri emango dira euskaraz: “Kamishibai: ipuinak sortu eta kontatzeko teknika japoniarra” eta “Hezkuntza sistema alternatiboak: Gizarte aldaketarako tresna” eta, Tuteran, guztira zortzi ikastaro.
"Datuak bistaratzeko eta informazioa mapatzeko lantegiak" aztertuko du nola erantsi balioa datu-iturri anitzen bidez lortutako informazioari eta nola aplikatzen diren bistaratze teknika hauek hainbat diziplinatan, hala nola komunikazioa, soziologia, historia, biologia, etab.
"Elkarlaneko kultura(k) eta SARE gizartea: jardunbideak eta joerak" ikastaroan elkarlaneko esperientziak, proiektuak, prozesuak, tresnak eta plataformak aurkeztuko dira, teknologia digitalen esparruan sortu direnak eta eragin handia dutenak oro har ekonomian eta gizartean eta bereziki elkarrekin lotura handia duten esparruetan, esaterako prestakuntza, hezkuntza, politika, lana eta ekoizpena. Elkarlaneko kulturari buruzko ekimen hauetako batzuen sustatzaileak gonbidatuko dituzte ikastarora.
Ikastaroak Tuteran, abesbatza eta antzerkia
Iruñean, Irudia eta Soinua Gelako hiru ikastaro hauek osatuko dute 2013-2014 ikasturterako eskaintza: “Istorio txikienak: film laburrei buruzko ikastaroa”, “Zinema dokumentala: sarrera praktikoa” eta “Ezinbesteko zinema: NUPeko topaketak Zinematekan". Azken ikastaro honetan, zenbat saiotara joaten diren, hainbat kreditu jasotzen dituzte unibertsitateko ikasleek. Komunikazio Gelaren eskaintza zazpi ikastarok osatzen dute: lehen aipatutako biak euskaraz, bi ikastaro "Jendaurrean hitz egiteari" buruz, beste bi "Irakurketa klubekoak" eta "Hitz egin eta eztabaidatu" ikastaroa. Azkenik, Gastronomia Gelak ikastaro hauek izango ditu edizio honetan: “Sukaldaritza ongi gelditzeko” eta “Bizirauteko sukaldaritza”. Eta Ondarea eta Arte Plastikoak Gelak ikastaro hauek izango ditu:“Har iezaiozu neurria, ehungintzako lantegi esperimentala” eta “DIY: kakorratz, puntu eta joskintzaren bidez sortzen (hastapenak)”
Tuteran, “Pintura (I)” eta “Pintura (II)” ikastaroez gain, programa zabaldu egin da hainbat gai jorratuko dituzten ikastaro batzuk antolatuta. Hala, lehen lauhilekoan ikastaro hauek eskainiko dira: "Ezinbesteko Afrika. XIX. mendetik gaur egun arte", "Astronomia eta geologia" eta "Espainiako trantsizioa: ereduaren, amnesiaren eta kritikaren artean". Urtarriletik aurrera ikastaro hauek egingo dira: "Espainia islamikoa. Yabal Tareq-etik gure komunitate islamikoetara”, “Prestakuntza gizarte eta afektibitate gaitasunetan” eta “Espainiako I. eta II. Errepublikak testuinguru historiografiko, sozial eta politikoan eta gaur egungo proiekzioa”.
Ikastaro horiez gain, antzerki taldean eta abesbatzan parte hartzeko aukera eskaintzen du Unibertsitateak. Talde egonkorrak dira, eta unibertsitateko komunitateko kideei eta erakundetik kanpokoei zuzenduak daude. Talde hauetan izena ematea doakoa da.
Kredituen aitorpena
Ikasleek kredituak lortzeko aukera dute kultura-ikastaroetan parte hartuz. 1. eta 2. zikloko ikasleek ikasturte bakoitzeko hautaketa libreko 3 kreditu lortuko dituzte gehienez ere. Gehienez ere 6 kreditu lortuko dituzte Graduko ikasleek jarduera horiengatik beren graduko ikasketa plan ofizial osoan.
Ikastaroen prezioak 60 euro eta 135 euro artekoak dira, ikastaroaren iraupena zein den eta ikasleak unibertsitatearekin zer harreman duen (unibertsitateko komunitate kidea den edo ez). Interesdunek informazio gehiago dute eskuragarri Kultura Jardueren Atalean, Ikasgelategiko 019 ikasgelan, 08:30etik 14:30era, eta telefono zenbaki hauetara deituz: 948 16 89 72 / 16 84 78