Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) beste bi udako ikastarori hasiera emango die hurrengo astelehenean, eta Osasun Zientzien Fakultatean egingo dira. Lehenengo ikastaroan genomikarako eta proteomikarako sarrera bat egingo zaie parte-hartzaileei, eta bigarren ikastaroan zamak erabiltzean bizkarreko eta pelbis-zoruko lesioei aurrea hartzea izango dute hizpide. Iruñeko Udalaren finantzaketarekin eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egingo dira bi ikastaroak.
NUP eta Navarrabiomed – Fundación Servet erakundeak dira Genomikaren eta Proteomikaren aroa ikastaroaren antolatzaileak eta zuzendariak honako hauek: Esther Vicente doktorea (koordinatzailea), Biokimika eta Biologia Molekularreko irakaslea Osasun Zientzien Fakultatean eta Navarrabiomed-eko eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko ikertzailea; eta Enrique Santamaría eta Joaquín Fernández, Navarrabiomed-eko Proteomika Unitateko arduradun zientifiko eta teknologikoak hurrenez hurren. Giza Proteoma Proiektuaren Nazioarteko Partzuergoan sartu da berriki Navarrabiomed.
Ikastaroaren helburua da ikasleek oinarrizko ezagutzak hartzea teknologia omikoei eta teknologia horrek hainbat esparrutan dituen aplikazioei buruz. Zehazki, mundu mailan oso garrantzitsuak diren bi proiekturen edukia aztertuko da: Giza Genoma Proiektua eta Giza Proteoma Proiektua, orain garatzen ari dena. Beren helburuak, lan metodologiak, nazioarteko antolaketa eta etorkizunean hainbat esparrutan izango dituzten ondorioak aztertuko dira.
Honako hau da ikastaroaren atariko programa: lehen saio bat sarrera gisa, bigarren saio bat Genomikan oinarritua, hirugarren saioa Proteomikan oinarritua, laugarren saioa Metabolomikan eta bosgarrena eta azkena Bioinformatikan. Saio guztietan aplikazio-adibide praktikoak erabiliko dituzte eta parte-hartzaileen profiletara egokituko dira (elikadura, laboreak, osasuna, farmazia, etab. )
Bizkarreko lesioak
Bigarren ikastaroa, Zamak erabiltzean bizkarreko eta pelbis-zoruko lesioei aurrea hartzea izenekoa, astelehenean hasiko da, eta Ana Insausti NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko irakasleak zuzenduko du. Ikastaroaren helburua da ikasleak gaitzea gisa honetako lesioak eragiten dituzten egoerak zein diren jakin dezaten eta patologiaren arriskua txikiagoa izateko estrategiak izan ditzaten.
Bizkarraren osasunaz eta pelbis-zoruaren osotasunaz arduratzen diren emakumeei zuzendua dago ikastaroa. Bereziki zuzendurik dago ahalegin fisikoak egitean gernu pixka bat galtzen duten emakumeei, ama izan diren emakumeei eta emakume perimenopausidunei.
Ekonomia eta kultura
Hurrengo astean halaber, baina hilaren 28an, asteazkenean, hasiko da Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Henri Lenaerts Fundazioak antolatutako beste ikastaro bat: "Ekonomia eta kultura. Kultura eta finantzaketa". Hiru saio teoriko-praktiko egingo dira abuztuaren 30era arte, eta Iruñeko Kondestablearen Jauregian egingo da.
Ana Aliende eta Patricia Plaza Unibertsitateko irakasleek zuzenduko dute ikastaroa eta Carolina Martínez kultura kudeatzailearen aholkularitza eta lankidetza dauka ikastaroak.
Ikastaroak Henri Lenaerts ((1923-2006) eskultorearen pentsamendua eta bizi-kezkak biltzen ditu, zeina Belgikan jaio baino Nafarroan bizi izan baitzen. Artistaren ideiak gauzatu egin dira Henri Lenaerts Berrikuntza eta Ikerketa Zentro Gainerakorrean. Joan den urtean atari zabaleko espazio bat ireki zen, brontzezko 22 obra erakusteko; bestalde, Zentroaren etxe-egoitza –une honetan leheneratze obretan dagoena– 2013ko bukaera aldera ireki eta jarduerak prestatzen hasiko dela espero da.
Kulturak, kultura finantzatzeak Europako ikerketa-eremuaren barruan, eta kudeaketa molde berriak sortu beharrak finantzaketa-eredu berriak sortzea dakar, sormena eta berrikuntza garatzeko baldintzak egon daitezen. Ikastaro honen helburua da diziplinen arteko eztabaida eta gogoeta bultzatzea, kulturak gaur egungo bilakaera ekonomikoan daukan eginkizunaz gogoeta egiteko, eta ezagutza sortzeko daukan eragin handiaz. Eragin horrek egungo erakunde, politika eta gizarte esparruak aldatzera behartzen du.