Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tesia 3 minututan izeneko lehiaketaren bigarren ediziorako deialdia egin du. Lehiaketaren helburua da prestatzen ari diren ikertzaileen artetik, beren lana zergatik den garrantzitsua eta beren ikerketa jarduerarekin gizarteari egiten dioten ekarpena zein den, espezialista ez den jendeari, ahalik eta hobekien azaltzen dioten ikertzaileak saritzea. Ikerketa-lan luze bat, tesiei dagokienez hainbat urte irauten duena, hiru minututan jendaurrean azaltzen da. Bigarren edizio honetan, berritasun gisa, lan irabazleak irratiaren bidez emango dira, Nafarroako Radio Nacional de Españarekin lortutako akordioari esker.
Tesia 3 minututan izeneko lehiaketaren bidez, etorkizuneko ikertzaileak kontzientziatu nahi dira beren lana zabaltzeak duen garrantziaz, eta aldi berean, gizartearen kultura zientifikoari lagundu. Lehen edizioa 2012an egin zen Ikerketako Errektoreordetzaren ekimenez eta Kultura Zientifikorako Unitatearen, Komunikazio Zerbitzuaren eta Unibertsitateko Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiaren laguntzarekin. Guztira, 41 lehiakidek parte hartu zuten eta Gabriel Davidov Pardo izan zen komunikatzaile hoberena azalpen honi esker: "Antioxidatzaileak: mahatsaren hazitik zure eguneroko dietara".
Lehiaketak hiru modalitate ditu, eta modalitate bakoitzak sari bana du. Doktoretza tesien modalitateak 1.000 euroko saria du, eta prestatzen ari diren eta gutxienez lau urte ikertzen igaro dituzten ikertzaileek izango dute parte hartzeko aukera, bai eta azken urtean NUPen tesia irakurri duten ikertzaileek ere. Beste bi modalitateetan –Master Amaierako Lanak eta Ikasketa Amaierako Lanak– parte hartzeko aukera izango dute azken bi ikasturteetan NUPen proiektuak aurkeztu dituztenek, deialdiaren oinarrietako ezarritako baldintzen arabera. Oinarriak helbide honetan daude: www.unavarra.es/t3m.
Ikerketaren edo proiektuaren garapena gehienez hiru minututan azaltzeko erronkari aurre egin beharko diote parte-hartzaileek, eta hizkera erraz, ulergarri eta jendeari orokorrean iristeko modukoan egin beharko dute. Ikus-entzule ez espezializatuei ideiak eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna balioetsiko du epaimahaiak.
Epea irailaren 2an irekiko da
Lehiaketa urrian eta azaroan egingo da, eta inskripzio-epea 2013ko irailaren 2tik 30era arte egongo da irekita, aipatu egunak barne. Unibertsitateak Iruñean eta Tuteran dituen erregistroetan aurkeztuko dira eskaerak, bai eta Herri Administrazioen Legeak ezarritako beste edozein bidetatik.
Lehenbiziko "Tesia 3 minututan" lehiaketa 2008an egin zen Queensland Unibertsitatean (Australia). Lehiaketak harrera oso ona izan zuen, eta 2010. urtean Australiako, Zelanda Berriko eta Fijiko hainbat unibertsitatek nazioarteko lehenbiziko lehiaketa egin zuten, eta urtez urte, gero eta parte-hartzaile gehiago dauzka.