Europako Espazio Agentziak bere webgunean argitaratu duen artikulu baten bidez (www.esa.int) berriki azaldu ditu ikerketa baten emaitzak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa ikerketa horretan parte hartzen ari da. Ikerketaren helburua da Alzheimerraren detekzio goiztiarrean aurrera egitea, erresonantzia magnetikoen irudiak prozesatzeko sistema berri baten bidez; izan ere, sistemak espazio ikerkuntzan erabiltzen den softwarean du jatorria.
Espazio ikerkuntza beste esparru batzuetara bestetaratzeko adibide bat da: kasu honetan osasunaren esparrura. Zehazki, Elecnor Deimos espainiar enpresako zenbait teknikari Europako Espazio Agentziaren Envisat sateliterako softwarea garatzeko izan duten esperientzia luzean oinarritu dira AlzTool 3D Slicer tresna sortzeko. Tresna horrek burmuinaren erresonantziako irudiak erabiltzen ditu sateliteek igorritako datuak interpretatzeko egiten den modu berean.
Proiektu honek Industria Ministerioaren Avanza Planaren finantzazioa dauka, eta duela pare bat urte aurkeztu zen Tuterako campusean lan bilera baten karira. Proiektuan honako zentro hauek parte hartzen dute: Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea, UNEDen Adimen Artifizialeko Departamentua, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa-Teknologia Biomedikoko Zentroa eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Elkartutako ospitaleak dira Madrilgo Ramón y Cajal Ospitaleko Zientzia Neurologikoen Unitatea, Nafarroako Klinika Unibertsitarioa eta Gaztela-Mantxako Osasun Zerbitzua.
NUPek ikerketa honetan izan duen parte-hartzea oroimenarekin lotutako garunaren eremuen arakatze morfologikoan gauzatu da, erresonantzia magnetikoan ateratako irudiekin lotutako garun-azal tenporalaren eremuetako mugak finkatuz. Ukitutako eremuen ezagutza xeheago honek galera bolumetrikoaren kokapenaren eta magnitudearen zehaztasuna areagotzeko bidea ematen du.
Unibertsitatearen aldetik, Ana Insausti Serrano Anatomia eta Enbriologiako irakaslea eta Osasun Ikasketen Eskolako zuzendariordea da proiektuaren buru. Gainera, Lankidetzan jardun dute Elisabeth Pais Sousak, Tuterako campuseko Fisioterapia Diplomaturako lehen promozioko tituladunak, eta Amparo Santamaría Torrobak, Fisiologia Arloko irakasleak.