Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Alumni Programak heldu den 2013-14 ikasturtean Nazioarteko Harremanetarako Zerbitzuarekin batera hizkuntzak ikasteko eta mintzapraktikarako Partner Alumni-Erasmus Zerbitzua izeneko zerbitzu berri bat eskainiko du.

Zerbitzua soilik Adiskide eta Ikasle ohiei edo haien seme-alabei zuzenduta dago, eta helburua da programako kideei hizkuntzen mintzapraktika edo eskolak (ingelesa, frantsesa, italianoa, alemana, txinoa) eskaintzea NUPeko nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen duten beste herrialde batzuetako ikasleekin. Programak, gainera, laguntza eman nahi die Unibertsitatean sartzen diren Erasmus ikasleei, hiriari buruzko eta unibertsitateko tramiteei buruzko informazioa jasotzeko eta, aldi berean, Alumni Programako kideei lehen eskuko informazioa emateko Erasmus ikasleen herrialdeei buruz.

Eskabideak (http://www.unavarra.es/amigosyantiguosalumnos) web-orrialdean daude eskuragarri eta abuztuaren 20ra arte dago eskaera egiteko epea.

Alumni Emprende eta Alumni Solidario

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Adiskide eta Ikasle Ohien Alumni Programak jarduerak eta topaketak sustatzen eta garatzen ditu, harreman profesional eta sozialak sustatzen ditu, eta Unibertsitate Publikoak dituen balioak eta xedeak gizartean hedatzen laguntzen du. Helburu horrekin, 2012-2013 ikasturtean abian jarri ziren bi ekimen berri: Alumni Emprende eta Alumni Solidario, programa honetan izena ematen duten unibertsitatetik ateratakoei zuzenduta daudenak.

Alumni emprende ekimenaren asmoa da ekintzailetzaren arloa garatzea eta networking-a sustatzea. Horretarako, hainbat entitaterekin lankidetzan, garatuko dira zenbait prestakuntza jarduera, saioak ekintzaileekin, ekintzailetzan jarduteko gogoa duten tituludunekin topaketak, aholkularitza zerbitzua, eta ekintzak sare sozialetan.

Bestalde, Alumni solidario ekimenak unibertsitatetik ateratakoei aukera eman nahi die gizarte boluntariotzan parte hartzeko (laguntzea desgaitasuna duten pertsonei, etorkinei, gutxiengo etnikoei, adinekoei, gaixoei...), ingurumenean laguntzeko (babestutako naturguneetan, espezie babestuei eta unibertsitateko campusean bertan) edo nazioartean.

Alumni Programako kideek badituzte hainbat zerbitzu eta abantaila esklusibo. Programa honetan izena emateko interesa dutenek, Alumniren web-orrialdean dute aukera: http://www1.unavarra.es/amigosyantiguosalumnos/inscripcion

Alumni sare sozialetan

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Adiskide eta Ikasle Ohien Alumni Programak Unibertsitatearekin zerikusirik duten lagun guztiak biltzen ditu, harremanetan egon nahi badute elkarrekin, dagokien Fakultatearekin edo Eskolarekin, eta Unibertsitatearekin.

Horregatik, eta harremana errazte aldera, Alumni Programak hainbat profil zabaldu ditu sare sozialetan bere eskaintza eta zerbitzuak zabaltzeko kideen artean, ikasle ohien komunitate baten garapena sustatzeko, informazioa, harremanak eta lan eskaintzak partekatzeko aukera izan dezaten. Gaur egun badu orrialde bat Facebooken, eta talde bat Linkedinen.