Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak ingelesezko areagotze-ikastaro bat antolatu du Haur Hezkuntzako Graduko eta Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleentzat, Atzerriko Hizkuntza I: ingelesa (B1 maila) irakasgaiaren indargarri, datorren ikasturtea hasi baino lehen ematekoa.

Ikastaroa abuztuaren 26tik irailaren 4ra izango da, 10:00etatik 12:30era, eta matrikula epea abuztuaren 14ra arte egongo da zabalik. Eskolako 20 orduren prezioa 91,40 euro da. Ikastaroan izen ematea Unibertsitatearen web-orrialdearen bidez egingo da. Informazio guztia Unibertsitatearen web-orrialdean dago ikusgai, Ikasketak ataleko iragarki oholaren barruan: www.unavarra.es/estudios.

Fakultateak 40 ikaspostu eskaintzen ditu, guztira. Izen-ematearen ordenaren arabera esleituko dira. Ikastaroa ez bada ematen, eskatzen den gutxieneko ikasle kopurura (15 ikasle) iritsi ez delako, ordaindu diren tasak itzuliko dira, matrikula egitean ikasleak eman duen kontu korronte zenbakian. Ikastaro horretara joateak ez du eskubiderik ematen irakaskuntzako kredituak lortzeko.

Gogorarazi behar da ezen, Europako Unibertsitate Eremua ezartzearen ondorioz, NUPek aldaketa bat abiatu zuela ikasleen atzerriko hizkuntzen prestaketan. Aldaketa honek prestakuntzari eta titulazioa bukatzean eskatuko diren mailei eragiten die. Ikasleek beren gradu ikasketak amaitzen dituztenean lortu behar duten hizkuntza gaitasuna B1 da. Gaitasun hau hainbat modutara egiaztatuko da: egiaztagiri ofiziala aurkeztuz, azterketa bat gaindituz, hizkuntza horretako mugikortasun programetan parte hartuz, aukeratutako hizkuntzan hiru irakasgai, gutxienez, gaindituz, edo hizkuntza hori erabiliz gradu amaierako lanean eta berorren defentsan.

Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko irakasle talde batek egindako ikerketa baten arabera, NUPera sartzen diren ikasle gehienek aski hizkuntza gaitasuna daukate (ingelesez edo frantsesez) ikasketak bukatzean eskatzen den mailara iristeko. Ikerketa honen emaitzen arabera, NUPera sartzen diren ikasleen artean gehien dagoen maila A2 da. Zehatz esateko, % 45ek maila hau dauka ingelesez, eta % 55ek frantsesez. Gainera, ikasleen ehuneko garrantzizko batek maila handiagoak ditu bi hizkuntzetan.