Joan eduki nagusira

Matrikula ordaintzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzako diru-laguntzen deialdi bat onetsi du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. NUPen matrikulatutako ikasleek izango dute diru-laguntza horiek eskatzeko aukera, betiere gradu-ikasketak eta lehengo titulazioetako lehen eta bigarren zikloetako ikasketak egiten ari badira 2012-13 eta 2013-14 ikasturteetan. Diru-laguntzak, osotara, 18.000 eurokoak dira, matrikularen zenbatekoa osorik edo zati batean ordaintzera zuzenduko dira, eta bateragarriak izango dira beste beka batzuekin, baldin eta bien baturak ez badu inskripzio-kostuaren % 100 gainditzen. 2012-13 ikasturteko diru-laguntzak eskatzeko epea abuztuaren 12an amaituko da, eta 2013-14 ikasturterako diru-laguntzak eskatzeko epea azaroaren 15ean.

Programa honen helburua da diru-laguntza bat ematea matrikula ordaintzeko zailtasun ekonomiko larriak dituzten eta zailtasun horiek direla-eta unibertsitateko ikasketak uzteko arriskuan dauden ikasleei.

2012-13 ikasturteko ikasleentzako diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, aurreko ikasturteko matrikularen ordaindu gabeko kopurua izango da. Bestalde, 2013-14 ikasturterako diru-laguntza aurrerakintzat joko da, eta, gehienez ere, lehen seihilekoaren kostu osoa izango da. Horrez gain, hurrengo ikasturterako diru-laguntza eskatzen dutenek egiaztatu behar dute Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren, Nafarroako Gobernuaren edo Eusko Jaurlaritzaren beka-deialdietara aurkeztu direla, betiere deialdi horietako bakoitzean ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

Hartzaileen profila

Unibertsitatearen deialdiaren arabera, ikasle bat egoera ekonomiko larrian dago, bere bizikidetza unitateetako eusle nagusiak langabezian daudenean edo diru-sarrera txikiagoak dituztenean. Langabezi eta inklusio sariak edo beste batzuk jasotzen dituzten familia-unitateetako kideak diren ikasleak ere egoera ekonomiko larrian daudela jotzen da. Azkenik, oinarrietan ezarritakoaren arabera, goiko egoeren astungarriak dira aitaren, amaren edo bien heriotza; aitaren, amaren edo familiako beste kide batzuen osasun arazoak, betiere ikaslea lan merkatura sartzea oztopatzen badute; mantenu saririk jasotzen ez duten familia gurasobakarrak; edo etxebizitza dela-eta egiten diren kaleratzeak.

Eskaerak NUPeko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira. Eskaera aurkeztu eta gero, eskatzaileak Gizarte Ekintzarako Unitatearekin jarri behar du harremanetan, eta aipatu Unitateak aztertu eta balioetsiko du diru-laguntza eskaera bakoitza. Deialdiaren oinarriak hemen daude: www.unavarra.es.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak sistema berri bat jarri du abian 2013-14 ikasturterako. Sistema horren bidez, titulazio ofizialetako ikasleek matrikula lau epetan ordainduko dute. Ekimen honen helburua da ikasleei eta beren familiei erraztasunak ematea gradu, master eta lehengo zikloetako titulazioak ordaintzeko. Ordainketa epetan egiteko aukera horri gehitzen zaio Unibertsitateak finantzaketa formula bat sustatu duela banku batzuekin, matrikula baldintza berezi batzuekin ordaintzeko.