Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate - Gizarte Fundazioak bereziki langabetuei zuzendutako lau prestakuntza ikastaro eskainiko ditu. Ikastaroak gai hauei buruzkoak dira: instalazio frigorifikoen instalazio eta mantentzea, kalitatearen kudeaketa nekazaritzako elikagaien industrian eta makinen mantentze-lana. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laneratzeko lanbide prestakuntza programan sartzen dira eta 2013ko irailetik abendura bitartean emango dira. Inskripzioa heldu den asteartetik, abuztuaren 6tik aurrera egin daiteke interneten bidez http://www.unavarra.es/fundacionuniversidadsociedad webgunean. Era berean, aukera egongo da kontsultatzeko ikastaroei buruzko argibide guztiak.
Fundazioak kudeatuko ditu ikastaro hauek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egiaztagiria jaso ondoren lehentasunezko hainbat arlotan prestakuntza ikastegi gisa. Homologazio horrek aukera eman dio enplegurako lanbide prestakuntzako azpisisteman dirulaguntza publikoen deialdian lehiatzeko; eta izan ere, lehentasunez, langabetuei zuzenduta dago programa.
Ikastaro hauen helburua da lan merkatuari egokitutako beharrei buruzko prestakuntza ematea jardunean dauden langileei eta langabetuei. Gainera, enpresen produktibitate eta lehiakortasun eskaerei erantzun nahi die, eta langileen lanbide sustapenerako eta garapenerako asmoak bete nahi ditu.
NUPeko Unibertsitate - Gizarte Fundazioak kudeatuko dituen ikastaro hauek 3. mailakoak dira eta, horretarako, izangaiek gaindituta eduki behar dute Batxilergoa, goi mailako Lanbide Heziketa edo unibertsitate titulazio bat. Ikastaroetan parte hartzen dutenen % 60 gutxienez langabezian egon behar dira, eta gainerakoak jarduneko langileak edo langabezian daudenak izan daitezke.
Hiru Iruñean eta bat Tuteran
Nafarroako Unibertsitate Publikoak emango dituen ikastaroetako hiru Iruñeko Arrosadiko campusean emango dira, eta laugarrena Tuteran. Zehazki, Tuteran emango denaren izenburua da Industria ekipamenduaren eta makineriaren plangintza, kudeaketa, fabrikazioa, mantentzea eta muntaketa. 310 ordukoa da eta makineriaren mantentze lana eta abian jartzea landuko dituen bi modulu bereizitan emango da.
Era berean, Instalazio frigorifikoen plangintza, kudeaketa, fabrikazioa, mantentzea eta muntaketa ikastaroaren bi modulu emango dira Iruñean, eta 270 ordukoa izango da. Kasu honetan, moduluak mota horretako instalazioen gainbegiratze, mantentze eta abian jartzeari buruzkoak izango dira. Hirugarren ikastaroa ere instalazio frigorifikoei buruzkoa da, kasu honetan proiektuen garapenari buruzkoa. 140 ordukoa izango da.
Kontserben eta landare zukuen industria da laugarren ikastaroaren izena. 80 ordukoa izango da eta Ingurumenaren eta kalitatearen kudeaketa nekazaritzako elikagaien industriari buruzko modulu batean garatuko da.