Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak uztailaren 22an, astelehenean irekiko du matrikula-aldia uztailaren 5ean argitaratutako zerrendetan onartuak izan ziren 2013-2014 ikasturteko Graduko titulazioetako ikasle berrientzat. Prozesu hori Interneten bidez egingo da, Unibertsitatearen webgunearen bidez (www.unavarra.es), eta uztailaren 24ra arte egongo da irekita, eta egun horretan 9:00ak arte.

Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako graduetan onartuak izan diren ikasleek matrikula egingo dute uztailaren 22ko 9:00etatik uztailaren 23ko 9:00etara era jarraituan. Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean eta Zientzia Juridikoen Fakultatean onartuak izan direnek uztailaren 23ko 9:00etatik uztailaren 24ko 9:00etara arte egingo dute matrikula, eta horiek ere era jarraituan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa arautegiarekin bat etorriz, epe horretan matrikula egiten ez duten onartutako ikasleek ikasposturako eskubidea galduko dute. Gogoratu aipatu matrikula hurrengo ikasturteko lehen seihilekoari dagokiola.
Interneteko sarbiderik ez duenak, automatrikula Iruñeko Arrosadiko Campusean egingo du, Ikasgelategiko 307. eta 308. ikasgeletan, hirugarren solairuan, aurretik aipatu egunetan, 9:00etatik 14:00etara arte. Tuterako Campusean ere ikasgela bat egongo da bertan automatrikula egiteko.

Automatrikula egiterakoan sor daitekeen edozein zalantza argitzeko, ikasleek mezu elektroniko bat bidaliko dute helbide honetara: grado@unavarra.es. Ikasleentzako Argibide Bulegora deitzeko aukera ere izango dute (948 169 096).
Lehen aldi hau amaitzean, Unibertsitateak aditzera emango du, uztailaren 30ean, onartuen bigarren zerrenda. Horiek irailaren 3an egingo dute matrikula.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 0 ikastaroak eskaintzen ditu abuztuan. Hurrengo ikasturtean Gradu ikasketa hasiko dituzten ikasleei zuzenduak daude, eta beren titulazioetako gaietarako sarrera moduko bat dira, eta beren Batxilergoko edo LHko ikasketak eguneratu, osatu eta sendotzen dituzte, bai eta unibertsitatean hasiko duten ibilbide berrirako oinarri metodologikoak jaso ere.

Lehen seihilekoko matrikula bi epetan

Prozesu honetako berritasunetako bat da hurrengo ikasturteko matrikula lau epetan (bi seihileko bakoitzeko) ordaintzeko aukera izango dutela. Ekimen honen helburua da ikasleei eta beren familiei erraztasunak ematea gradu, master eta lehengo zikloetako titulazio ofizialak ordaintzeko. Ordainketa epetan egiteko aukera horri gehitzen zaio Unibertsitateak finantzaketa formula bat sustatu duela banku batzuekin, matrikula baldintza berezi batzuekin ordaintzeko.

Hortaz, graduko ikasleek udazkeneko seihilekoko matrikularen % 50 ordainduko dute matrikula egiten dutenean, eta gainerako % 50a, urriaren 21etik azaroaren 10era bitartean. Udaberriko seihilekoko ordainketa ere modu berean egingo da: % 50 matrikula egitean, eta gainerako 2014ko apirilaren 1etik 20ra arte.