Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa irakaskuntzan eta berrikuntza eta garapen teknologikoan duen produktibitateagatik nabarmentzen da, BBVA Fundazioak eta IVIE institutuak egindako azterketa baten arabera. Azterketa horrek Espainiako 48 unibertsitate publikoak sailkatzen ditu. NUP laugarren postuan dago berrikuntza eta garapen teknologikoko produktibitateari dagokionez, eta hamahirugarren postuan irakaskuntza produktibitatean eta hogeita zazpigarren postuan ikerketan.

BBVA Fundazioak eta Ikerketa Ekonomikoen Valentziar Institutuak (IVIE) sustatu dute U-Ranking Proiektua. Proiektu horrek Espainiako unibertsitate publikoak sailkatzen ditu beren emaitzen eta produktibitatearen arabera. Proiektua BBVA Fundazioak eta IVIE institutuak batera garatutako ikerketa programa zabalago baten barnean sartzen da. Programa horrek unibertsitatearen zeregina eta, oro har, ezagutzaren zeregina aztertzen ditu hazkunde ekonomikoaren iturri diren aldetik. Azterketaren egileen asmoa da ranking hau tresna erabilgarri bihurtzea goi mailako hezkuntzako zerbitzuak erabil ditzaketen erabiltzaileak orientatzeko, eta unibertsitateek I+G+b sortzeko duten gaitasuna zein den ezagutzeko, interesa duten enpresa eta erakundeei informazioa emateko.

U-Ranking-ek sortutako sailkapenak unibertsitate bakoitzak dituen emaitza-kopuruaren eta produktibitatearen arabera sailkatzen ditu unibertsitateak. Produktibitateari dagokionez, emaitza horien eta unibertsitate bakoitzaren tamainari erreparatzen zaio, datu horiek alderagarriagoak izateko. U-Ranking-ek emandako adierazleen bidez unibertsitate bakoitzak zein toki duen jakiten da irakaskuntza-jardueretan, ikerketa-jardueretan eta berrikuntza eta garapen teknologikoko jardueretan, aipatutako bi aldagaietarako: emaitza-kopurua eta produktibitatea.

Kopurua eta produktibitatea

Ranking honek emandako datuen arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoa 42. postuan dago emaitza-kopuruari dagokionez. Ez da postu txarra, kontuan izanez gero bigarren unibertsitate publiko txikiena dela. Aldiz, tamaina kontuan hartzen denean, bere produktibitateari esker hamaulagarren tokira igotzen da sailkapenean.

Aurreko sailkapena berrikuntza eta garapen teknologikoko adierazleetan banatzen denean lortzen da emaitzarik onena, NUPek laugarren tokian baitago. Atal honetan hainbat adierazle hartzen dira kontuan. Esaterako, patenteen kopurua osotara, patenteen bidez lortzen diren diru-sarrerak, kontratu kopurua irakasle bakoitzeko, irakasle eta ikertzaileen prestakuntza jarraituko orduak, nazioarteko kontratuen bidez lortutako diru-sarrerak edo patente hirukoitzak (Europan, Estatu Batuetan eta Japonian baliodunak). Soilik hiru unibertsitate politeknikoak daude NUPen aurretik: Madril, Katalunia eta Valentzia.

48 unibertsitate publikoen artean 13. postuan dago NUP irakaskuntza-produktibitateari dagokionez. U-Ranking-ek aldagai hauek neurtzen ditu: irakaskuntzara zuzendutako baliabideak, ikasleek lortutako emaitzak, ikasleak erakartzeko gaitasuna, titulazio bakoitzeko atalase nota espezifikoa, truke programetan dauden ikasleen ehunekoa edo hizkuntza ez ofizialetan eskainitako ikasketak.

Azkenik, azterketako hirugarren adierazlean, ikerketa-produkziokoan, Unibertsitatea 22. postuan dago. Sailkapena egiteko erabili diren adierazleak hauek dira: arlo publiko bakoitzean aipagarriak diren dokumentuen produkzioa, doktoretza-tesien kopurua, ikerketen batez besteko eragina argitalpenetan eta sortzen dituzten aipamenak eta ikerketa jardueraren nazioarteko bokazioa.