Joan eduki nagusira

Unibertsitate komunitateko kideek, bai beren izenean, bai NUPen erregistratutako talde edo elkarte baten ordezkari gisa, sustatzen dituzten garapenerako nazioarteko lankidetzako jardueretara zuzendutako laguntzen deialdia onetsi du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Proiektuak aurkezteko epea uztailaren 31n amaituko da, eta deialdi honetako laguntzak 10.171 eurokoak dira guztira.

Deialdi hau sartzen da Unibertsitatearen II. Plan Estrategikoak dituen helburuen artean, alegia, sustatzea garapenerako unibertsitateko lankidetzarekin lotutako jarduerak eta bultzatzea konpromisorako eta unibertsitatearen gizarte erantzukizunerako campusaren eraikuntza.

Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako Errektoreordetzak onetsi du deialdia, eta laguntzak eman nahi zaizkie bai hirugarren munduko herrialdetan egindako lankidetza jarduerei, bai heziketa proiektuei, ikerketa proiektuei eta unibertsitate komunitateari zuzendutako sentsibilizazio proiektuei. Unibertsitate komunitateko kideek eskatuko dituzte laguntza hauek, bai beraientzat, bai NUPeko garapenerako lankidetzako talde baten edo erakundean erregistratutako talde baten ordezkari gisa.

Oinarrietan ezarritakoaren arabera, egin nahi den jarduerak Nafarroako Lankidetzarako II. Plan Gidatzaileko ardatz estrategiko bati edo batzuei heldu beharko die. Hirugarren munduko herrialdeetan egiten diren proiektuei dagokienez, proiektuak eremuko bazkide bat edukiko du, talde onuradunen interesak ordezkatuko dituena. Lehentasuna edukiko dute jarduera hauek: NUPekin lankidetza hitzarmena duen unibertsitate baten laguntza duten jarduerak edota bazkidetzat erakunde edo organismo publiko bat duten unibertsitateenak.

Bestalde, garapenean sentsibilizatzeko eta hezteko jarduerek lehentasuna emango diete gai batzuei. Esaterako kontsumo arduratsua unibertsitatean (bidezko merkataritza, finantza etikoak, ekonomia soziala eta solidarioa), giza eskubideak edo Saharaz hegoaldeko Afrikako eta palestinar lurraldeetako errealitatea.

Batzorde batek ebaluatuko ditu aurkeztutako proiektuak, eta kontuan hartuko ditu eskaera egin duen pertsonaren edo taldearen jarduteko gaitasuna, proiektuaren edo jardueraren bideragarritasun teknikoa edo bere egokitzea Nafarroako Lankidetzarako II. Plan Gidatzailera. Deialdi honi buruzko informazio guztia kontsultatzeko, sartu helbide honetan: http://www.unavarra.es/relacionesinternacionales/