Nafarroako Unibertsitate Publikoak uztailaren 18an, ostegunean, irekiko du epea 2013-14 ikasturteko graduetarako ohiz kanpoko aurreinskripzioa egiteko. Ikasleek www.unavarra.es webgunearen bidez eskatuko dute ikaspostua uztailaren 19ra arte, ostirala, eta egun horretan 14:00ak arte, ohiko epeko eskaerak tramitatu ondoren ikaspostu hutsak dituzten titulazioetan.
Era berean, uztailaren 19an bukatuko da eskatzen den dokumentazioa aurkezteko eguna. Hautaprobak Nafarroan egin dituzten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentazio hau aurkeztu behar, ez bada Nazioarteko Programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela. Dokumentazioa Administrazio eta Kudeaketako eraikinean aurkeztu behar dute, Arrosadiko Campusean, edo posta ziurtatuaren bidez.
Bigarren deialdi honetan aurreinskripzioa egiten duten ikasle onartuen zerrenda uztailaren 30ean jarriko da jendaurrean, eta ikaspostua lortzen dutenek irailaren 3an egingo dute matrikula. Erreklamazioak egiteko aukera ere izango da uztailaren 30 eta 31n. Unibertsitateak hirugarren inskripzio-epe bat irekiko du ikaspostu hutsak dituzten titulazioetan, eta ohiz kanpoko aurreinskripzioan onartutako ikasleek matrikula egin ondoren hasiko da.
Osotara 1.765 ikaspostu
Gogoratu behar da Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko titulazioetarako sarrera berriko 1.765 ikaspostu eskainiko dituela osotara 2013-14 ikasturterako. Ikastegien arabera, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa izango da, gradu titulazioetan, ikaspostu berri gehien edukiko duena, 570 edukiko baititu osotara. Ondoren Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea dator, 440 ikasposturekin; Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, 315 ikasposturekin; Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola, 160rekin; Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa, 150 ikasposturekin eta Zientzia Juridikoen Fakultatea, 140 ikasposturekin.