Joan eduki nagusira

2013-2014 ikasturteko matrikula lau epetan ordaintzeko aukerako izango dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulazio ofizialetako ikasleek. Ekimen honen helburua da ikasleei eta beren familiei erraztasunak ematea gradu, master eta lehengo zikloetako titulazioak ordaintzeko. Ordainketa epetan egiteko aukera horri gehitzen zaio Unibertsitateak finantzaketa formula bat sustatu duela banku batzuekin, matrikula baldintza berezi batzuekin ordaintzeko. NUPeko ikasle berrien matrikulazio-epea uztailaren 22an, astelehenean, hasiko da.

Azken ikasturte honetan, NUPeko ikasleek ordainketa bi epetan egiteko aukera zuten, eta graduei dagokienez, seihileko bakoitzaren hasierarekin bat zetorren. Urte honetatik aurrera, lau epe izango dira Unibertsitateak egindako eskaera bati esker. Eskaera hori jasotzen du 2013ko ekaineko 303/2013 Ebazpenak, Hezkuntzarako, Lanbide Heziketarako eta Unibertsitateetarako zuzendari nagusiak emanak. Haren bidez ezartzen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2013-2014 ikasturtean, titulu ofizialak lortzera bideratutako irakaskuntza-zerbitzuak emateagatik eta gainerako eskubideengatik kobratuko diren prezio publikoak.

Hortaz, graduko ikasleek udazkeneko seihilekoko matrikularen % 50 ordainduko dute matrikula egiten dutenean, eta gainerako % 50a, urriaren 21etik azaroaren 10era bitartean. Udaberriko seihilekoko ordainketa ere modu berean egingo da: % 50 matrikula egitean, eta gainerako 2014ko apirilaren 1etik 20ra arte.
Zikloetako eta masterretako ikasleek % 40 ordainduko dute matrikula egitean. Gainerako ordainketak % 20koak izango dira, eta egun hauetan egingo dira: urriaren 21etik azaroaren 10era; 2014ko urtarrilaren 21etik otsailaren 10era; eta apirilaren 1etik 20ra. Ordainketa lau epetan egiten duten ikasleek ez dute korriturik ordainduko.

Finantzaketa kreditu bereziekin

Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoak matrikula ordaintzeko baldintza bereziak dituen banku-finantzaketako formula bat sustatu du erakunde batzuekin. Orain arte ez zegoen ordainketa modu hori. Sistema horretaz baliatuko dira espainiarrak edo legezko bizilekua Espainian dutenak, eta matrikularen zenbatekoa hamar hileko ordainketatan banatzeko aukera izango da zikloei eta masterrei dagokienez, eta bost hileko ordainketatan, graduei dagokienez.

Matrikula finantzatzeko maileguek % 6,25eko korritu tasa izango dute, eta ez dute komisiorik eta gasturik izango. Kredituan eskatutako 1.000 euroko, ziklo eta masterretako ikasleek 102,89 euro ordaindu beharko dituzte hilero, eta graduko ikasleek 203,14 euro ordainduko dituzte bi hilabetero. Honako hauek dira ordainketa sistema honekin lankidetzan jardungo duten finantza-erakundeak: Banco Santander, CaixaBank, Caja Rural de Navarra, Laboral Kutxa eta Banco Popular.
2013-2014 ikasturteko matrikula-egutegia uztailaren 22an, astelehenean, hasiko da graduko ikasle berrientzat. Bestalde, gainerako gradu-ikasleentzat matrikula-epea uztailaren 29an hasi eta abuztuaren 2an amaituko da.