Osotara 3.172 pertsonak egin dute aurreinskripzioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2013-14 ikasturtean Gradu ikasketak egiteko. Onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 5ean, heldu den ostiralean, jarriko da jendaurrean, eta matrikula uztailaren 22, 23 eta 24an egin behar da Interneten bidez. Gehien eskatu diren titulazioak dira Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolakoak (Erizaintza eta Fisioterapia graduak) eta Irakasletzakoak (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza). NUPek graduko titulazioetarako sarrera berriko 1.765 ikaspostu eskaini ditu osotara heldu den ikasturterako.
2013-14 ikasturterako Unibertsitatean aurreinskripzioa egin dutenen kopurua osotara zerbait handiagoa da iazko datuekin alderatuta. Zehazki, 57 eskaera gehiago daude aurreko ikasturtean egin ziren aurreinskripzioekin alderatuta, osotara 3.117 egin baitziren. Lehen aipatu den moduan, gehien eskatu diren graduak dira Erizaintza eta Fisioterapia, ondoren Irakasletzako bi graduak, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan eta Zuzenbidean gradu bikoitza, eta Industria Teknologietako Ingeniaritza gradua.
Urte honetan sartuko den berrikuntzetako bat da Unibertsitateak onartzen dituenei jakinaraziko diela matrikula egiteko eguna eta hura egiteko sartu beharko duten pasahitza, euskaraz eta gaztelaniaz igorriko den mezu elektroniko baten bidez. Onartuta egon arren matrikula epean egiten ez dutenek edo egindako matrikula baliogabetzeko eskatzen dutenek, ikaspostu bat uzten dute hutsik, eta ikaspostu hori onarpen zerrendan dagoen hurrengoari esleituko zaio, hurrenkera errespetatuz.
Interneten sartzeko aukerarik ez duten ikasleek Ikasgelategiko 307. eta 308. ikasgelan (3. solairuan) egin ahalko dute automatrikula 9:00etatik 14:00etara.
NUPek onartuen bigarren zerrenda heldu den uztailaren 30ean jarriko du jendaurrean, lehen matrikula prozesua bukatu ondoren hutsik gelditu diren ikaspostuak betetzeko. Kasu horretan, matrikula irailaren 3an egin behar da. Gainera, irailaren 4an hirugarren zerrenda bat jarriko da jendaurrean, titulazioren batean bete gabeko ikaspostuak baldin badaude. Azken prozesu honetan onartzen direnek matrikula egiteko eguna dute irailaren 6an.
2. mailako eta handik gorako ikasleek uztailaren 18tik aurrera mezu bat jasoko dute beren pasahitza eta matrikula egiteko eguna esaten diena. 2013-2014 ikasturterako, lehen seihilekorako matrikulak egiteko egunak hauek dira: uztailaren 29, 30 eta 31 eta abuztuaren 1 eta 2a.