Nafarroako Unibertsitate Publikoak uztailaren 16an, asteartean, hasiera emango die bere udako ikastaroei topaketa baten bidez. Osasunarekin, bankuekin eta enpresarekin lotutako gaiei buruzko informazioa berreskuratzeko edo bateratzeko eredu matematikoak aztertuko dituzte nazioarteko adituek. 7th International Summer School on Aggregation Operators-AGOP 2013 Kondestablearen jauregian egingo da uztailaren 19ra arte Nafar Unibertsitateen Udako Ikastaroen XIII. edizioaren barruan.
Zientziaren edozein esparruk egun dituen arazoetako bat da hainbat modutan lortutako informazioa galdu egiten dela. Udako ikastaro honetan bilduko diren adituek informazio hori bateratzeko edo berreskuratzeko hainbat eredu aztertuko dituzte. Udako eskola honen helburua da ingeniaritzetako eta oinarrizko zientzietako ikasleak agregazio funtzioen teoriaren esparruko kontzeptu, aplikazio eta azken garapenekin trebatzea. Funtzio horiek funtsezko tresna bat dira egun, informazio-iturri homogeneo edo heterogeneoetako datuen fusioa beharrezkoa duen edozein zientzia edo teknologia prozesutarako (sentsoreak, kamerak, etab.).
Eredu horiek hainbat esparrutan dituzte aplikazioak. Esaterako, industria teknologia, bankuak, fisika, astronomia, bioinformatika edo medikuntza, medikuek hainbat iturritatik datorkien informazioa bateratu behar baitute diagnostiko zuzenena egiteko.
Eskola irakasle hauek zuzentzen dute: Humberto Bustince NUPeko Automatika Konputazionaleko katedraduna; Francisco Javier Fernández, Automatika eta Konputazio Saileko irakaslea; Aránzazu Jurío, Automatika eta Konputazio Saileko ikertzailea; eta Daniel Paternáin, Automatika eta Konputazio Saileko irakasle laguntzailea.
Udako ikastaroa bi partetan banatuko da. Lehenengo partean, hamar adituk 45 minutuko hitzaldiak emango dituzte asko erabiltzen diren topikoei buruz hainbat gaitan. Esaterako, bankuak, osasuna, kontrola ingeniaritzan edo erabakiak hartzea. Programa osatzeko, hainbat esparrutako 40tik gora espezialistek egindako ikerketen emaitzak aurkeztuko dira.