Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ostiral honetan, uztailaren 5ean, argitaratuko du 2013-14 ikasturterako onartutakoen lehen zerrenda. Eskatzaile bakoitzak aukera izango du ikusteko onartua izan den edo itxaron zerrendan dagoen Unibertsitatearen webgunearen bidez edo Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko iragarki-oholean. Gainera, NUPek mezu bat bidaliko die sakelako telefonoaren bidez. Matrikula interneten bidez egin behar da uztailaren 22, 23 eta 24an. Lehen zerrenda honekin ados ez dauden eskatzaileek NUPen erreklamazioa egiteko aukera izango dute uztailaren 15etik 17ra bitartean.

Unibertsitateak graduko titulazioetarako sarrera berriko 1.765 ikaspostu eskaini ditu osotara heldu den ikasturterako. Osotara 3.172 onarpen eskaera aurkeztu dira, eta kopuru hori zerbait handiagoa da iaz aurkeztu zirenekin alderatuta.

Unibertsitateak uztailaren 16tik aurrera jakinaraziko die onartuei matrikula egiteko eguna eta hura egiteko sartu beharko duten pasahitza, euskaraz eta gaztelaniaz igorriko den mezu elektroniko baten bidez. Onartuta egon arren matrikula epean egiten ez dutenek, edo egindako matrikula baliogabetzeko eskatzen dutenek, ikaspostu bat uzten dute hutsik, eta ikaspostu hori onarpen zerrendan dagoen hurrengoari esleituko zaio, hurrenkera errespetatuz.

Interneten sartzeko aukerarik ez duten ikasleek Ikasgelategiko 307. eta 308. ikasgelan (3. solairuan) egin ahalko dute automatrikula 9:00etatik 14:00etara.

NUPek onartuen bigarren zerrenda heldu den uztailaren 30ean jarriko du jendaurrean, lehen matrikula prozesua bukatu ondoren hutsik gelditu diren ikaspostuak betetzeko. Kasu horretan, matrikula irailaren 3an egin behar da. Gainera, irailaren 4an hirugarren zerrenda bat jarriko da jendaurrean, titulazioren batean bete gabeko ikaspostuak baldin badaude. Azken prozesu honetan onartzen direnek matrikula egiteko eguna irailaren 6an dute.

Bestalde, 2. ikasmailako eta handik gorako ikasleek uztailaren 18tik aurrera mezu bat jasoko dute beren pasahitza eta matrikula egiteko eguna esaten diena. 2013-2014 ikasturterako, lehen seihilekorako matrikulak egiteko egunak hauek dira: uztailaren 29, 30 eta 31 eta abuztuaren 1 eta 2a.