

Jesús Villadangos (eskuinaldean), Mikel Ayape, Mikel Anabitarte eta Mikel Díaz ikertzaileak NUPeko Jerónimo de Ayanz Elektronika eta Komunikazioetako I+G zentroan
Sistemak haririk gabeko komunikazio-teknologia erabiltzen du, irismen laburrekoa eta goi-maiztasunekoa, aukera ematen duena 4 cm-tik beherako distantzian dauden gailuen arteko datuak trukatzeko. Surf tauletan ezartzeak, Trinity Technologies enpresak higikorretarako garatu duen aplikazioarekin batera, aukera ematen du smartphone baten eta “smartboards” edo taula adimendunen artean interakzioan jarduteko.
TRINItag aplikazioa joan den ostiralean aurkeztu zuten SurfCity Donostia Clusterrean. Egileek azaltzen dutenez, egunen batean surflariak bere taula galtzen badu, aplikazioa daukan edonork eskura ditzake jabeak gailuan ikusgai jarri nahi izan dituen datuak, hari deitzeko edo e-mail bat igortzeko, esaterako. Era berean, surflariak uretan istripu bat badauka, Gurutze Gorriak smartphone bat taulara hurbiltze hutsarekin hainbat datu mediku eskura ditzake (odol-taldea, alergiak, gaixotasun kronikoak, e.a.) eta horrek zeharo errazten du larrialdi zerbitzuen lana.
Lau hilabete garatzeko
Teknologia hau garatu duen Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileen taldea honako hauek osatzen dute: Jesús Villadangos Alonso Matematika eta Informatika Ingeniaritzako irakasle titularra, eta Mikel Anabitarte Corres, Mikel Ayape López eta Mikel Díaz Noain informatika ingeniariak, proiektuko laguntzaileak direnak. Tempolios S.L. enpresa NUPen Elektronika eta Komunikazioetako I+G zentrora zuzendu zen bere proposamenaren bideragarritasuna ezagutzeko xedez. Proposamena aztertu ondoren ikusi zen bideragarria zela, eta ingeniari taldeak lau hilabete eman ditu teknologia eta aplikazioa garatzen, eta diseinuaren partea Tempolios enpresak egin du.
Tempolios nafar enpresa bat da, Trinity Board Sport markarekin merkaturatzen dituen irristadura kiroletarako produktuen garapenean espezializatua dagoena. Moderna zigilua dauka eta bere akziodunen artean dago Nafarroa Kutxa Fundazioa, zeinak (PIN) Nafarroako Inbertsioen Planaren barnean, bidea eman baitu Start-Up hau finkatzeko.