

Ezkerretik eskuinera: Francisco José Martínez Huelvako Unibertsitateko errektorea; Miguel Ángel Cámara Murtziako alkatea; José Antonio Cobacho Murtziako Unibertsitateko errektorea; Banco Santanderreko Murtziako zuzendaria; Vanessa Masip Rey Juan Carlos Unibertsitateko ordezkaria; Idoya Zabaleta NUPeko Alumniko zuzendaria; Alejandro Cremades Hezkuntza Ministerioko zuzendariorde nagusia; José Antonio Redondo Alumni Españako lehendakaria; eta Tomás Zamora, Murtziako Unibertsitateko Ikasle Ohien Elkarteko lehendakaria.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Alumni 2013 Saria jaso du. Espainiar Unibertsitateen Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteen Federazioak (Alumni España) Banco Santanderrekin lankidetzan ematen du saria. Saria Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitatearekin ex aequo jaso du, eta "NUPeko ikasle ohien enplegagarritasuna hobetzeko proiektu integralari" aitorpena ematen dio. Ekimen horri esker, unibertsitatetik ateratako 541 tituludunek 2012. urtean parte hartu zuten tituludunentzako praktiketan, eta horietatik % 43 lanpostu kualifikatuetan kontratua izan zen.
Alumni 2013 Sariko epaimahaiak, saria emateko justifikazioan, aitortzen du nafar unibertsitateak aurkeztutako proiektuaren "zehaztasun eta zorroztasun teknikoa, orijinaltasuna, berritzeko gaitasuna eta aplikazio praktikorako aukerak ematen dituena", diseinatua dagoena "gure ikasle ohien enplegagarritasuna hobetzeko eta inguruko enpresa ehunean aberastasuna sortzeko, enpresetan hobeki prestaturik dauden pertsonak sartzea errazten delako, prestakuntzaren eta lehiakortasunaren ikuspuntutik" dio Idoya Zabaleta Arregui Alumni Programako zuzendari eta Ekonomia Saileko irakasleak.
Saritutako proiektu honek, tituludunak beren ikasketekin bat datozen lanpostuetan sartzeko erraztea bilatzen duenak, baditu batetik laguntzarako jarduerak eta bestetik lanean hasteko jarduerak. Azken horietatik, garrantzitsuena da tituludunentzako prestakuntza programa praktikak enpresetan eta instituzioetan egiteko, horri esker graduatuek prestakuntza egonaldi bat egiteko aukera dute, praktikarekin eta esperientziarekin beren unibertsitate prestakuntza osatzeko.
Enpresan edo instituzioan egiten den tutoretzapeko egonaldiarekin batera, parte hartzaileek gaitasunen autoebaluazioan oinarritzen den prestakuntza pertsonalizatuko plan bati jarraitzen diote, inkesta beste pertsona batzuei igortzeko aukera ematen duena tresna berritzaile baten bidez. Emaitza horien arabera, unibertsitatetik ateratako tituludunek, Enplegu Zerbitzuko orientatzaileekin batera hautatzen dituzte ikastaroak, eskola prestakuntzako 80 ordu ematen baitira, eta horietatik erdia zeharkako gaitasunak lantzeko direlako. Praktikak bukatu ondoren, tituludunek berriz balioesten dituzte beren gaitasunak, beren tutorearen ekarpenekin batera, eta horrela erdiesten dira lortutako emaitzak. Unibertsitateak, era berean, jarraipena egiten du praktikak bukatu dituztenen laneratzeari buruz.
Orientabidea banakako tutoretzen bidez
Gainera, Unibertsitateak bitartekaritza lana egiten du lan kualifikatuen eskaintzan eta lanerako orientabide jardueretan, banakako tutoretzen bidez. 2012. urtean 3.880 pertsonari eman zion arreta (ikasle eta tituludunen artean); horietatik 1.940 pertsonak banakako jardueretan parte hartu zuten eta gainerakoak, taldeko saioetan. Era berean, abian dauka lan-behatoki bat, hainbat azterlan egiten dituena; eta aldiro Unibertsitatea-Gizartea Topaketak antolatzen ditu, ikasleen, tituludun berrien eta enplegua eman ahal dietenen arteko topaketa errazteko xedez. Iazko urtean bakarrik, topaketa horietako hamairu egin ziren.
NUPeko ikasle ohien enplegagarritasuna sustatzeko proiektu hau Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren ekimen bat da (zehazki bere Enplegu Arloarena, Prestakuntza Arloarekin lankidetza estuan), eta NUPeko Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko Errektoreordetzaren mendekoa den eta aipatu Fundazioak kudeatzen duen Adiskideen eta Ikasle Ohien Programak egokitu du.
Proiektu hau garatzeko funtsezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren, Nafarroako Gobernuaren eta laguntzen duten 500 enpresa baino gehiagoren arteko koordinazioa.
Alumni 2013 Saria Espainiar Unibertsitateen Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteen Federazioaren (Alumni España) XVII. Topaketako jarduera programan sartzen zen. Topaketa joan den astean egin zen Murtziako Unibertsitatean.