Nafarroako Unibertsitate Publikoak Leonardo da Vinci bigarren programako 75 beka eskainiko ditu, tituludunek praktikak Europako enpresetan egin ditzaten. Lehen egonaldiak datorren urrian hasiko dira, eta sei hilabeteko iraupena edukiko dute. NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioa da beka hauek kudeatzeko arduratzen dena, eta ostegun honetan deialdi bat egin du, bilera bat egiteko, programaren ezaugarriei buruzko informazioa emateko, eta parte hartzeko bete behar diren baldintzak ezagutarazteko. Bilera 12:00etan egingo da Sarioko 02. ikasgelan. Programa honi buruzko informazio guztia kontsultagai dago http://www.unavarra.es/fundacionuniversidadsociedad helbidean.
Leonardo da Vinci Beka Programa Europar Batasuneko Etengabeko Ikasketa Programaren barnekoa da. Bere helburua da nazioarteko mugikortasunari laguntzea, Europar Batasuneko herrialdetako enpresetako praktika profesionalen bidez. Programa beren gaitasun eta trebetasun profesionalak hobetu nahi dituzten unibertsitate-tituludunei zuzentzen zaie, unibertsitatean jaso duten prestakuntza atzerriko herrialde bateko prestakuntza praktikoarekin eta esperientziarekin osatu nahi dutenei.
Ekimenean Espainiako edozein unibertsitate publiko edo pribatutako tituludunek (diplomadunek, lizentziadunek, ingeniari teknikoek, arkitektoek, arkitekto teknikoek edo graduatuek) parte hartzen ahal dute. Interesdunek ez dute eduki behar aldez aurretiko sei hilabete baino gehiagoko lan-esperientzia, beren prestakuntza akademikoarekin loturikoa.
Hautaketa eta bekak
Hautagaiek programan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte. Halaber, enpresak eskatzen dituen titulazioa eta profila eduki beharko dituzte, baita behar den hizkuntza maila ere. Izena ematen duten pertsonetatik, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak hiru hautagai aukeratuko ditu postu bakoitzeko. Hautagai hauei jakinaraziko zaie beren hautagaitza enpresari bidali zaiola, honek behin betiko aukeraketa egin dezan. Harrera-tokiko antolamenduak definituko du nola bideratu berriz, kideko beste titulu batzuekin, enpresak hasieran eskatzen zuen titulazioa daukatenekin ezin bete izan dituen postuak.
Praktikek 26 aste iraungo dute, eta bekak amaitzeko azken eguna 2015eko otsailaren 15a da. Bekaren diru-kopuruak mantenua eta bidaia hartzen ditu, eta Europako zer tokitara joateko den, horren arabera aldatzen da.
Hautatutako guztiek prestakuntza-ikastaro bereziak egin beharko dituzte, nazioarteko praktiken tipologiari egokituak. Unibertsitate-Gizarte Fundazioak emango ditu, eta praktika hasi baino lehenagoko hilabetean egingo dira. Ikastaroaren iraupena 138 ordukoa da, eta gai hauek hartzen ditu kontuan: nazioarteko praktikarako sarrera bat, nazioarteko testuinguruko lan-gaitasunei buruzko azterketa bat, norbanako tutoretzak eta aholkularitza, NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren lanbide orientaziorako langileekin.