Agrobioteknologia Institutuko (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluaren eta Nafarroako Gobernuaren zentro mistoa) Karbohidratoen metabolismoa ikerketa taldeko ikertzaile talde baten lanak lehen saria jaso du “Genomika eta Biologia Molekularra” sailean, berriki Varsovian egin den Medikuntzari buruzko IX. Nazioarteko Biltzarrean. Zehazki, ikertzaileek aurkitu dute nola jarduten duen bakterioetan glgS geneak (orain “surface composition regulator”, scoR izenez deitzen dena) eta nola gene hori manipulatuz, zeharka glukogenoaren produkzioan eragiten duena, bakterio-infekzioetan eragiten duten mekanismoak eraldatu daitezkeela. Aurkikuntza babestu egin da patente baten eskaera eginez, eta haren ustiapena bera garatzeko prest dauden instituzioen edo enpresen zain dago.
Javier Pozueta lana burutu duen Karbohidratoen Metabolismoa ikerketa taldeko zuzendariak azaltzen duenez, "esan dezakegu seguruenik aurkitu dugula bakterio-infekzioei eta kutsadurei aurre egiteko beste modu bat, bakterioetan glukogenoaren produkzioa sustatzearen bidez. Orain badakigu glukogenoaren produkzioa eraldatuz, era berean aldatu ahal dugula bakterioak daukan ahalmena mugitzeko, itsasteko zelula bati edo hodien azalerei, kateterei, etab."
Medikuntzari buruzko IX. Nazioarteko Biltzarra joan den maiatzean egin zen Varsovian, mundu osoko 1.400 ikertzailek parte hartu zuten eta 700 lan aurkeztu ziren bertan. Agrobioteknologia Institutuko (ABi) taldeko ordezkari joan zen Mehdi Rahimpour ikertzailea, Manuel Montero doktorearekin batera, lan irabazlearen sortzaile nagusia izan zena. Lana berriki argitaratu da Biochemical Journal aldizkarian, eta joan den maiatzean Rahimpourrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan defenditu zuen doktoretza tesian oinarrituta dago. Tesiak kalifikaziorik handiena erdietsi zuen. Iraniar jatorriko ikertzaile honek glgS genearen jarduteko mekanismoa aztertu du zenbait kasutan gizakiengan gaixotasunak eta larritasun egoerak sorraraz ditzaketen Escherichia coli bakterioan eta hainbat Salmonella espezietan.
Glukogenoa bakterioek daukaten erreserba material bat da. Pozueta irakasleak zuzentzen duen taldeko ikertzaileek aldez aurretik identifikatu eta ezaugarritu zituzten E. colian glukogenoaren produkzioan zuzenean lotutako geneak. Uste zenaren aurka, egiaztatu zuten glgS geneak ez zuela prozesu horretan parte hartzen. Zein zen orduan bere eginkizuna? Horixe izan zen Mehdi Rahimpourren doktoretza tesiaren ardatza
Bakterioak inmobilizatzea
Ulertzeko glgS geneak nola jarduten duen, kontuan hartu behar da zein den bakterioen egitura. Ikertzaileak azaltzen duenez, bakterioek mugitzeko baliatzen dituzten arraun edo beso moduko batzuk (flageloak) dituzte; era berean, badituzte finbria izeneko apendizeak ere, bizi diren zeluletan itsasteko aukera ematen dietenak; eta polisakaridoz osatutako bilgarri edo ezkutu babesgarri bat ere bai. Elementu hauek guztiak sortzeko eta bakterioak mugitzeko, hauek energia behar dute (ATP molekularen bidez emandakoa) eta azukrea. “GlgS-ek galga moduan jarduten du —dio Rahimpourrek—. Ohartu ginen glgS-ren adierazpena aldatuta, egitura horien sorrera eraldatzen dela eta, zeharka, glukogenoaren produkzioa ere bai, azukrea eta energia ere behar delako. Flageloen eta bilgarriaren osagaien sorrera sustatzeko baldintzetan, bakterioak mugitzeko energia asko eta azukreak kontsumitzen ditu, hortaz, ez du aski lehengai edukiko glukogenoa sortzeko. Eta alderantziz: flageloen, finbrien eta bilgarriaren osagaien sorrera mugatzeko baldintzetan, bakterioak mugitzeko ahalmena galduko du, eta energiaren eta azukrearen soberakina glukogenoa sortzeko erabiliko da.
Laburbilduz, ikerketa taldeak aurkitu du alderantzizko korrelazioa dagoela glukogenoaren produkzioaren eta bakterioen patogenotasunean eragiten duten egituren produkzioaren artean. "Gure kasuan, ohartu gara soilik enterobakterioen taldean (E. coli, especies del género Salmonella generoko espezieak, Yersinia pestis, etab.) dagoen glgS-ren adierazpena aldatzeak eragina duela bakterioen patogenotasunean eragiten duten egituren produkzioan, zeinak, zeharka, glukogenoa produzitzeko ahalmenean eragiten duten". Aurkikuntzak beharbada pistak ematen ditu bakterioen infekzioei aurre egiteko glukogenoaren produkzioa modulatuz, substantzia hori metatzen baitute mota askotako bakterio ugarik.
Antibiotikoei erresistentzia
Bakterioen zepak gero eta erresistenteagoak dira antibiotikoekiko; hala ere, ikertzaileek mezu optimista bat igortzen dute: "beharbada, bakterioan glukogenoaren produkzioa sustatzen badugu, egitura horien sorrera oztopatu ahalko dugu bakterioek utz diezaioten mugitzeari eta inguruan ugaltzeari eta/edo azaleretan itsasteari, eta, ondorioz, patogeno izateari".
Ikerketa taldeak prozedura honi buruzko aurkikuntza babestu du bakterioen infekzioei aurre egiten eta gainditzen saiatzeko xedez. Hurrengo urratsa da bakterioetan glukogenoaren produkzioa sustatzen duten substantziak aurkitzea. "Bakterio patogenoei glukogeno asko sorraraztea eragiten dien gene bat sartu diegu; horrela, "korrika ibiltzeari" uztarazten diegu eta beren patogenotasuna murrizten dugu. Baina gehiago aurreratu nahi dugu: aurkitu nahi ditugu zenbait substantzia, behin zaurietan edo azaleretan jarrita, edo gaixotasun bakterianoak dituzten pazientei eman ondoren, glukogeno bakterianoaren metaketa sustatzen dutenak eta, ondorioz, bakterioak itsasteko, inbaditzeko eta ugaltzeko ahalmena murrizten dutenak".
Mehdi Rahimpour ikertzaileak Bioteknologia ikasi zuen Teherango Pasteur Institutuan. 2008. urtean Iruñera etorri zen Ikerketa Zientifikoko Plan Nazionalaren beka batekin, beren ikasketekin jarraitzeko Agrobioteknologia Institutuan. Doktoretza erdietsi zuen joan den otsailaren 27an “Regulation of Escherichia coli glycogen metabolism by GlgS and SpoT” izenburuko tesia defendatu ondoren. Heldu den uztailean Albertako Unibertsitatera (Edmonton, Kanada) joango da mikrobiologian doktoretza osteko egonaldi bat egiteko.