Matrikula egin duten ikasleen % 95,16k gainditu ditu Unibertsitatean Sartzeko Probak 2012-13 ikasturtearen lehen deialdian. Ehuneko hau joan den urtean izan zena baino pixka bat handiagoa da, orduan matrikulatutakoen % 94,23k gainditu baitzuen. Hautaproba hauen aldi orokorrean aurkeztu ziren 2.500 ikasleetatik, 2.379k gainditu dituzte (% 95,16), eta gainerako 121ek (% 4,84k) ez dituzte gainditu.
Ikasleen gehiengoak, zehatz esateko 2.362, aldi espezifikoa ere egin dute. Hau egitea borondatezkoa da, eta ikasleen nota hobetzeko balio du. Horietaz aparte, beste 216 ikasle gehiago izan dira, aldi espezifikoan bakarrik matrikulatu direnak. Aldi honetan aurkeztu diren ikasleen artean, proba gainditu duten azterketen ehunekoa % 63,76 izan da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin zuen hautaproben deialdia, Nafarroako unibertsitate barrutiko ikasleak bere mendekoak baitira, eta joan den astean egin ziren Unibertsitateko Ikasgelategian, Sario eraikinean eta Unibertsitateak Tuteran daukan campusean.
Eredu linguistikoaren arabera, bere ikasketak G eta A ereduetan egin zituzten matrikulatutako 1.895 ikasleetatik, 1.893 aurkeztu ziren eta 1.794k gainditu dute, beraz % 94,77k gainditu du (joan den urtean gainditu zutenen ehunekoa % 93,68 izan zen). Beren aldetik, ikasketak euskaraz (D ereduan) egin zituzten eta aurkeztu diren 607 ikasleetatik, 585ek gainditu dute, beraz % 96,37k gainditu du (joan den urtean gainditu zutenen ehunekoa % 96,09 izan zen).
Notak jakinarazi eta gero, NUPek hiru egun balioduneko epea irekiko du, erreklamazioak aurkezteko (ekainaren 13, 14 eta 17an). Erreklamazioen emaitzak ekainaren 19an jakinaraziko dira. Bestalde, Hautaproben ohiz kanpoko deialdia ekainaren 26, 27 eta 28an egingo da NUPeko bi campusetan.
Nota kontsultatzea gailu mugikorren bidez
Deialdi honetako berrikuntza nagusia hauxe izan da: ikasleek aukera eduki dute hautaproban lortu duten nota kontsultatzeko NUPek sortu duen doako aplikazio baten bidez, gailu mugikorretara jaitsen ahal dena. Emaitzak kontsultatzeko moduan egon dira Unibertsitateko web-ean (www.unavarra.es) eta matrikulatutako ikasle bakoitzaren ikastetxeetan.
Aplikazioaren izena “UPNA PAU” da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak SIGMA Gestión Universitaria AIE`partzuergoarekin batera garatu du. Espainiako zortzi unibertsitatek osatzen dute partzuergo hau, zeinaren helburua baita erakunde hauen kudeaketa ekonomikoa modernizatzeko irtenbide informatiko berritzaileak eskaintzea.
Aplikazioa gailu mugikor batera jaitsi eta gero, ikasleek beren Nortasun Agiri Nazionala eta Unibertsitateak Hautaproben hasieran eman zien pasahitz bat idatzi behar izan dute aplikazioan sartzeko. Gailu mugikorrentzako aplikazio berri honekin, ikasleek jakin dute, baita ere, beren ikasketa espedientearen azken batez besteko nota, baita aldi orokorreko eta aldi espezifikoko irakasgaietako notak ere.
Ohiko aurreinskpripzioa: ekainaren 17tik 26ra
Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2013-2013 ikasturterako ohiko aurreinskripzioa egiteko epea astelehen honetan, ekainaren 17an, hasiko da, eta hurrengo asteazkenean, ekainaren 26an, bukatuko da. Egun horietan, ikasleek ikaspostua eskatuko dute www.unavarra.es webgunearen bidez NUPen ematen diren 18 graduetako edozeinetan, eta ikasi nahi duten edo dituzten karrerak zein diren adierazi beharko dute lehentasun ordenaren arabera. Apirilean edo ekainean aurreinskripzioa egindako ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 5ean jarriko da jendaurrean, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 22 eta 24an egin beharko dute matrikula unibertsitatearen web-orrialdean jakinaraziko den hurrenkeran eta eran.