Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2013-2013 ikasturterako ohiko aurreinskripzioa egiteko epea astelehen honetan, ekainaren 17an, hasiko da, eta hurrengo asteartean, ekainaren 26an, bukatuko da. Egun horietan, ikasleek ikaspostua eskatuko dute www.unavarra.es webgunearen bidez NUPen ematen diren 18 graduetako edozeinetan, eta ikasi nahi duten edo dituzten karrerak zein diren adierazi beharko dituzte lehentasun ordenaren arabera. Unibertsitateak aparteko aurreinskripzio epe bat irekiko du uztailaren 18 eta 19an, baina ikaspostu hutsak dituzten titulazioetarako. Guztira 18 Gradutan banatutako 1.765 ikaspostu eskainiko ditu NUPek hurrengo ikasturterako.

Batxilergoa, prestakuntza zikloa eta unibertsitateko titulazioa duten ikasleek Interneten bidez egin beharko dute aurreinskripzioa, eta hurrengo ikasturtean egin nahi dituzten titulazioak adierazi, gehienez ere lau, lehentasun hurrenkeraren arabera. 25 eta 45 urtetik gorakoek, eta lan esperientzia daukaten 40 urtetik gorakoek, ez dute on-line aurreinskripziorik egin behar. Horren ordez, inprimaki bat bete, eta behar den dokumentazioa aurkeztuko dute.

Halaber, ekainaren 26an amaituko da eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea. Hautaprobak Nafarroan egin dituzten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentazioa aurkeztu behar, ez bada Nazioarteko Programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela. Dokumentazioa Administrazio eta Kudeaketako eraikinean aurkeztu behar dute, Arrosadiko Campusean, edo posta ziurtatuaren bidez.

Apirilean edo ekainean aurreinskripzioa egindako ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 5ean jarriko da jendaurrean, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 22 eta 24an egin beharko dute matrikula unibertsitatearen web-orrialdean jakinaraziko den hurrenkeran eta eran. Lehen aipatu denez, uztailaren 18 eta 19an ohiz kanpoko aurreinskripziorako epea irekiko da, ikaspostu hutsak dituzten titulazioetarako. Onartuen bigarren zerrenda uztailaren 30ean jarriko da jendaurrean.