Joan eduki nagusira

zoom 09 Ikasgelaren irudia, lehen proba hasi aurretik

09 Ikasgelaren irudia, lehen proba hasi aurretik

Guztira 2.718 ikasle nafarrek hasi dituzte ekainaren 5ean, asteazkenean, Unibertsitatean Sartzeko Probak, Hautaprobak deitzen direnak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko eta Tuterako campusetan, eta ostiral honetara arte egingo dira. Iaz baino hamar pertsona gehiago matrikulatu dira, aurreko urtean 2.710 ikasle matrikulatu baitziren. Matrikulatutako ikasle kopuru osotik, 1.518 emakumeak dira, % 58,05; hau da, iazko urteko ehunekoa baino handixeagoa (% 57,5). Gainerako 1.140 gizonak dira (% 41,94), 2012ko Unibertsitatean Sartzeko Probetakoa baino kopuru txikixeagoa. Bestalde, guztira 2.066 ikaslek egingo dute hautaproba gaztelaniaz, eta gainerako 652k euskaraz.

Urte honetako berrikuntza nagusia da ikasleek beren nota jakin ahalko dutela gailu mugikorretarako doakoa den aplikazio baten bidez. Aplikazioak "UPNA PAU" du izena. Behin jaitsiz gero, ikasleek beren Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia idatzi behar dute, eta hautaprobetako hasieran emango zaien pasahitz bat ere bai. Gainera, kalifikazioak NUPen web-orrialdean (www.unavarra.es) ere egongo dira ikasleek ikusteko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin du Unibertsitatean Sartzeko Probetarako deialdia, Nafarroako unibertsitate barrutiko ikasleen probez arduratzen den erakundea baita. Matrikulatutako ikasleak sei epaimahaitan banatu dira, eta horietatik bost Iruñeko Arrosadiko campusean daude, eta seigarrena, Tuterako campusean. Arrosadiko campuseko epaimahaietako lau Ikasgelategian egongo dira, horietako bat euskaraz, eta bestea Sario eraikinean.

Fase orokorra eta espezifikoa

zoom Ikasleak Tuterako campusean

Ikasleak Tuterako campusean

Gogoratuko denez, Unibertsitatean Sartzeko Probaren arautegiaren arabera, probek nahitaezko fase orokor bat eta borondatezko fase espezifiko bat dituzte, zeinak probaren lehen fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko aukera eskaintzen baitie ikasleei, eta xedetzat baitauka jakintzak balioestea egin nahi den jakintza-adarreko unibertsitate-ikasketekin lotutako diziplina-esparruetan.

Ikasleek fase espezifikoan Batxilergoko bigarren mailako gehienez ere hiru modalitate-irakasgaitako azterketak egiteko aukera dute baina biren nota soilik hartuko da kontuan. Azterketa bakoitzean lortutako emaitza haztatuko da irakasgaiaren eta unibertsitateak eskainitako titulazio bakoitzaren artean dagoen loturaren arabera. Aldi berean, titulazio horiek bost jakintza-arlotan multzokatuta daude: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura eta Zientziak.

Deialdi honetan, ikasle gehienek, 2.362, zehatz esanda, fase orokorrean eta espezifikoan eman dute izena; 140 ikaslek bakarrik fase orokorra egingo dute, eta beste 216 ikaslek bakarrik fase espezifikoa.

Hizkuntza eta Literaturarekin hasi da

Probak 9:30ean hasi dira, Gaztelania eta Literaturako azterketarekin eta Espainiako Historia/Filosofiaren Historiako azterketarekin, zeina 11:45ean hasiko baita. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Atzerriko Hizkuntzako azterketa egingo dute.

Ekainaren 6an, ostegunean, egingo diren probak goizeko 8:30ean hasiko dira, Euskal Hizkuntza eta Literaturako azterketarekin. 10:45ean, Biologiako, eta Grezierako azterketak egingo dira, eta 13:00etatik aurrera Fisika, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika eta Musika Analisia II irakasgaietako azterketak egingo dira. Arratsaldean, azterketa 16:30ean hasiko da, Lurraren eta Ingurumenaren Zientzien azterketarekin eta Artearen Historiako azterketekin, eta Latinekoak eta Marrazketa Teknikokoak 18:45ean hasiko dira.

Probak ostiralean, ekainaren 7an, bukatuko dira, eta egun horretan 8:30etik aurrera, Matematika, Geografia eta Adierazpen Teknikak irakasgaietako azterketak egingo dira. 10:45ean, Diseinua, Kimika, eta Musikaren eta Dantzaren Historia irakasgaietakoak egingo dira, eta 13:00etan, berriz, Industria Teknologia, Enpresaren Ekonomia eta Ikus-entzunezkoen Kulturako azterketak hasiko dira. Azkenik, azterketak arratsaldean bukatuko dira Literatura Unibertsalarekin eta Elektrotekniarekin, eta Marrazketa Artistikoarekin. Azterketa horiek guztiak 17:00etan hasiko dira.