Joan eduki nagusira

Natty Petrosino argentinarrak  Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Saria hartu du astearte honetan, ekainak 4, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Errektoretzako eraikinaren atondoan. Natty Petrosino (Bahía Blanca, Argentina, 1938) 45 urtez ari da lan humanitario garrantzitsua egiten instituzioen aldetik inolako laguntza ez duten pertsona babesgabeenekin. Herritarrek "Argentinako Ama Teresa" deitzen diote. Pobreei eta gaixoei laguntzeko sare bat fundatu zuen. Hala ere, gaur egun etxe ibiltari batean bizi da eta Argentina osoan zehar ibiltzen da indigenen komunitateei eta babesgabeei laguntza ematen. Saria 36.000 eurokoa da.

Saria emateko ekitaldiaren buru izan dira Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakaria, eta Alberto Catalán Nafarroako Parlamentuko lehendakaria. Ekitaldian izan dira Joaquín Mencos Jaime Brunet Fundazioko lehendakariordea eta Edurne Almirantearena Nazioarteko Bake Brigadak GKEaren ordezkari gisa. GKE honi eman zioten saria aurreko edizioan.

Natty Petrosinok sari hau lortzeko merezidun egin duen lanari buruzko xehetasunak eman ditu gaur eguerdian Unibertsitatean Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekziorako errektoreordearekin batera eman duen prentsaurrekoan.

2012ko Jaime Brunet Nazioarteko Sariko epaimahaiak, Natty Petrosinori emandako sariaren bidez, aitorpena egin nahi izan zien “giza eskubideen defentsarekin konpromisoa dutenenei eta xumeki, publizitaterik gabe eta apaltasunez, babesgabeenei laguntzera osoki emanak daudenei”.

Halaber, epaimahaiak espero du Nazioarteko Bake Brigadei egindako aitorpenak "ahalbidetuko diela haien helburu eta programak aurreratu eta zabaltzea, eta pizgarria izango dela gobernuz kanpoko beste erakunde batzuentzat, gizakiaren oinarrizko eskubideak errespetatuko dituen gizarte justuagoa eta anitzagoa lortzeko erronkan".


Modelo eta aktore aritzetik txiroekin lan egitera


Natty Petrosino 60ko hamarkadan diru-estuasunik gabeko modelo eta zinemako aktore eder bat zen, baina, dioenez, gaixotasun larri batek "Jainkoa aurkitzera" eraman zuen eta, ondorioz, betiko aldatu zen.

Petrosino ez da kidea inongo kongregazio erlijiosotan edo instituziotan. Haur biren ama eta emazte zela, bere bizimodu erosoa alde batera utzi zuen bete-betean lanean jarduteko babesgabeenekin. Buenos Aireseko hegoaldetik 660 kilometrotara dago Bahía Blanca bere jaioterria, eta handik fundatu zuen Argentina osoan pobreei, gaixoei eta ezinduei laguntzeko etxeen sare bat. Zehazki, 1978. urtean abian jarri zuen Hogar Peregrino San Francisco de Asís izenekoa, aterpea emateko baliabiderik gabeko guztiei, eta lan hori zabaldu egin zuen 1980. urtean, babes-etxe bat (cotolengo bat) ireki baitzuen gizonezko ezinduentzat.

Argentinako 2001. urteko kolapso ekonomikoaren ondoren, Hogar Peregrino San Francisco de Asís elikagaiak banatzeko gune bihurtu zen, "herri lapikoak" izenarekin ezagutzen zirenak.

Natty Petrosinok hainbat hondamendi naturaletan lagundu du, esaterako Corrientes probintziako uholdeetan (Argentina) 1998. urtean, eta urte berean “Mitch” hurakana Nikaraguatik pasatu zenean. 1993 eta 1994. urteen artean Errusiara bidaiatu zuen herrialde horretako enbaxada argentinarrak gonbidatuta, eta horrek aukera eman zion bere lana zabaltzeko Moskun, Txernobilen (Ukrania) eta Kazajistanen.

Geroago, erabaki zuen Argentinako herrialde indigenekin bakarrik jardutea, maputxe, huarpe etas witxiekin, esaterako. Horrela, herrialdearen iparraldeko Formosa eta Chaco probintzietako witxi aborigenen komunitateentzat bi eskola, lehen arretarako hiru areto eta berrogeita hamarretik gora etxe eraiki zuen laguntza ofizialik gabe. Natty Petrosino furgoneta batean bizi da, eta harekin bidaiatzen du Argentinan zehar ahaztutako komunitate indigenei laguntzen, elikagaiak eta laguntza emateko pobreenei, eta eskolak eta ospitaleak eraikitzeko.

Natty Petrosinoren lanak hainbat aitorpen jaso ditu; esaterako, 2009. urtean hautagai izan zen Bakearen Nobel Saria jasotzeko, Bahía Blanca Hiriko Ciudadana Ilustre saria jaso zuen eta "Urteko Emakumea" hautatu zuen Aosta Ibarreko Eskualdeko Kontseiluak (Italia).


Fundazioa eta Jaime Brunet Saria


Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak ezabatzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Fundazioak, besteak beste, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du honako hauek saritzeko: lan zientifiko bat; lan literario zein ikus-entzunezko bat; edo giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona zein erakunde baten ibilbidea. Guztira, fundazioak Jaime Brunet Nazioarteko hamahiru Sari eman ditu, 1998. urteaz geroztik. Azkena, Nazioarteko Bake Brigadak GKEari.

Jaime Brunet Romero Baionan (Frantzia) jaio zen 1926ko uztailaren 20an, eta 1992ko urtarrilaren 4an zendu zen Donostian (Gipuzkoa). XVIII. mendean. Gipuzkoara etorritako kataluniar ekintzaileen familia batean jaio zen (han garatu zuten industria jarduera garrantzitsua), eta ideia liberaletan eta bere garaiarekiko ikusmolde kritikoan hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, alderdi errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izanak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen aldi batez.

Irakurle porrokatua zen, eta hizkuntzak ikasteko grina zuen. Azken zaletasun horri esker, erraz moldatu zen egin zituen makina bat bidaiatan. Izan ere, bere garaiko zailtasunak izan arren, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan konturatu zen eta ulertu zuen orain bezala zenbat diskriminazio eta bortizkeria dagoen, zenbat gehiegikeria egiten dituzten boteretsuek behartsuen aurka, eta zer-nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.

Bizitzako azken urteetan giza eskubideen egoera eta herritarraren askatasunaren defentsa bihurtu ziren bere kezka nagusi, bai eta administrazio publikoaren gehiegikerien aurrean ere. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, bere izena izango zuen fundazio bat sortu ahal izateko bera hil eta gero. Fundazio horren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta beren alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzea. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.