Nafarroako Unibertsitate Publikoko Carmen García Olaverri eta Emilio Huerta Arribas katedradunak 2012ko ekarpen akademiko hoberenaren egile izendatu ditu Emerald Group Publishing Limited argitaletxeak "Management Research" aldizkarian argitaratutako artikuluagatik. Bi egileek ikerketa artikulu bat sinatu zuten, espainiar industrietan kudeaketa-praktika berritzaileei buruzko lehen azterlan xehakatutzat har daitekeena, eta bertan ondorioztatzen da enpresen % 25ek oraindik ez dituztela kudeaketarako sistema aurreratuak erabiltzen beren jardunean.
Carmen García Olaverri eta Emilio Huerta beren analisian espainiar industrian antolamendu berritzailerako lau praktika aztertzetik abiatu dira: txandaketa, hobekuntza taldeak, ekipo autonomoak eta autoebaluazioa, etengabeko hobekuntzarako FQMren kalitate eta bikaintasun ereduan oinarrituta. Beren azterlanean (teknika estatistikoetan oinarrituta eta 401 industriatako datuekin) ondorioztatu dute espainiar industriako enpresen % 25ek ez dituztela erabiltzen lehen aipatutako praktika berritzaileetako bat ere. Hortaz, honela definitzen ditu: "enpresa tradizionalak, produkziora bideratutako kudeaketa sistemak erabiltzen dituztenak"; % 63 trantsizioan diren konpainiak dira, teknika horietako bat edo bi erabiltzen dutelako, eta ia % 12 berritzailetzat har daitezke, beren antolamenduan horietako hiru edo lau praktika erabiltzen baituzte.
Azken hauek, aurreratuenak, "multinazional eta konpainia oso handiak, teknologikoki konplexuenak diren sektoreetan jarduten dutenak" izaten dira. Gainera, giza baliabideen hainbat alderdiren kudeaketari dagokionez, desberdin jokatzen dute. "Hobeki ordaintzen dute, pizgarriak emaitzei lotzen zaizkie edo laneko eta familiako bizitza bateratzeko politikak lantzen dituzte, baina ez dute prestakuntza gehiago ematen eta beren pizgarriak ez daude garatuago ere. Hala ere, desberdintasun handiena beren langileekin informazioa partekatzeko moduan dago, informazio hori igorri eta jasotzeko bide guztiak erabiltzen baitituzte", irakurtzen denez ondoko artikulu honetan: “Why do some companies adopt advanced management systems? The Spanish case” (“Zergatik zenbait enpresak erabiltzen dituzte kudeaketarako sistema aurreratuak? Espainiar kasua").
Berrikuntzaren aldeko faktoreak
Azterlanaren bi egileek, era berean, identifikatu dituzte espainiar industrian kudeaketarako sistema aurreratuak ezartzea errazten duten faktoreak, esaterako, jarrera lehiakorra, negozio estrategia edo lankidetza sareetan egotea, Emerald Group Publishing Limited argitaletxeak argitaratu artikuluan jasotzen denez. Argitaletxe horrek mundu osoan du presentzia, Britainia Handian du egoitza eta ia 300 argitalpen zientifiko argitaratzen ditu enpresen kudeaketaren, osasunaren edo ingeniaritzaren esparruetan.
Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi katedradunek espainiar industriako eredu indardunean aldaketa bat sorrarazteko neurri gisa, gomendatzen dute "ahalegin koordinatuak egitea estrategiari, baliabideei, barne antolamenduari eta giza baliabideen politikari buruzko erabakiak hartzerakoan".
Carmen García Olaverri Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko katedraduna da, Matematikan lizentziaduna da eta Ekonomian doktore Zaragozako Unibertsitatean; aldiz, Emilio Huerta, Enpresen Kudeaketa Saileko katedraduna da, Ekonomia Masterra egin zuen Minnesotako Unibertsitatean (Estatu Batuak), eta doktoretza bat gai berean Euskal Herriko Unibertsitatean.